AKTUALITATEA


| 2023-11-24 15:53:00

Osakidetzan murrizketak orokortu direla eta anbulatorioak eta Etenik Gabeko Arreta Guneak medikurik gabe aritzeak salbuespen izateari utzi diola jakinik, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatzeko informazio kanalak ireki ditzala herritarrei une oro komunikatzeko anbulatorioetan eta Etenik Gabeko Arreta Guneetan medikurik gabe aritzen diren ala ez. Rebeka Uberak azaldu duenez, “gero eta ohikoagoa da osasun zentroetan medikurik ez egotea, eta anbulatorioetara joaten direnean herritarrek aldez aurretik jakin behar dute mediku batek artatuko dituen ala ez; gurea gardentasunaren aldeko proposamena da”. Halaber, “Pediatria zerbitzua aurkituko duten ala ez aldez aurretik jakinarazi behar zaie”, erantsi du.

EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du gardentasun ariketa hori egitea, Osakidetzan murrizketak orokortu direlako bai ordutegiei dagokienez, bai pertsonal medikuari dagokionez. “Lehen murrizketak uda sasoian egiten ziren, baina azken urteotan gero eta orokortuago daude, eta edozein momentutan egiten dira. Gaur bertan jakin dugunez, anbulatorioen %60k ordutegia murriztuko dute edo egun batzuetan itxita egongo dira abenduan. Gaur egun ez da salbuespena, adibidez, Etenik Gabeko Arreta Guneetan medikurik ez egotea eta haien lana erizainek hala moduz bete behar izatea, eta herritarrek eskubidea dute nork artatuko dituen jakiteko, hara joan aurretik”. Murrizketa horien ondorioz, “ulergaitzak diren egoerak gertatzen dira. Esaterako, duela egun gutxi mediku batek Irundik bidali zuten Hernaniko Etenik Gabeko Arreta Gunera kasu bat tratatzera, hantxe bertan, Hernanin, eraikin berean, Lehen Arretako medikua zegoenean. Kasu honek ondo islatzen du zein gaizki kudeatzen dituen Osakidetzak bere baliabideak”.