Oposizioaren lana oztopatzeko asmoz, EAJ eta PSEk erabaki dute salbuespen egoeran ere Diputazio Iraunkorrak ohiko funtzionamenduari eutsiko diola


| 2020-04-01 14:20:00

EH Bilduk “logika demokratikotik kanpo kokatzea” leporatu die gaur EAJ eta PSEri Legebiltzarrean ezezkoa eman diotelako Diputazio Iraunkorraren funtzioak handitzeari eta haren funtzionamendua malgutzeari osasun larrialdiak ekarri duen salbuespen egoerak iraun bitartean. EH Bilduk hala eskatu du azken egunotan, egoera honetan Legebiltzarra ezin delako desagerturik egon, are gutxiago inork ez dakienean noiz izango diren hauteskundeak eta noiz eratuko den Parlamentu berria.

Eba Blancok adierazi duenez, “ezohiko egoera honek ezohiko neurriak eskatzen ditu, krisialditik guztiok bat eginik ateratzeko, baina EAJ eta PSEk Jaurlaritza babestea eta haren lanaren gaineko kontrol mekanismoak ahalik eta gehien murriztea lehenetsi dute. Ezin da normala izan salbuespen egoera honetan Diputazio Iraunkorrak ohiko funtzionamenduari eustea eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea. Larria da, batez ere, erabaki horren atzean EAJ eta PSEren ikuspegi demokratiko murritza dagoelako; euren helburu bakarra oposizioaren lana oztopatzea da, Jaurlaritza balizko kritiketatik babesteko asmoz”.

Legebiltzarreko presidenteordeak EAJren joko bikoitza kritikatu du, “Madrilen exijitzen ari dena Gasteizen blokeatzen ari delako”. Izan ere, “Senatuan PSOE behartu dute Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorra deitzera, baina hemen oztopo guztiak jartzen ari dira Diputazio Iraunkorrak blokeaturik segi dezan. Urkulluren Gobernuak Legebiltzarrean ez duen gehiengoaz aritu nahi dute Erregelamenduaren interpretazio murriztaileak egiten”.

Horren haritik, Blancok azaldu du Legebiltzarreko Mahaiak bertako zerbitzu juridikoen txostena, EH Bilduk eskatu zuena, hain zuzen ere, jaso duela. Blancoren iritziz, “zerbitzu juridikoen txostenak ez dio gaur egun dugun salbuespen egoerari erantzuten, EAJren interesei baizik, ez baitu inolako alternatibarik planteatzen Diputazio Iraunkorrari funtzio gehiago edo ezohiko funtzionamendua emateko. Edonola ere, txostenak ez du berez aukera hori ixten; borondate politikoa baino ez da behar, legebiltzarkideek ahalmen osoa dutelako neurri alternatiboak zehaztu eta erabakitzeko, EH Bilduk eskatu bezala. Hala ere, tamalez, EAJ eta PSEk ezohikotasunean ohiko funtzionamenduari eustea hobetsi dute, Legebiltzarra bera mespretxatuz”.