AKTUALITATEA


| 2023-03-21 17:11:00

EH Bilduk behar-beharrezkotzat jo du Usansolok metro-geltoki bat erdigunetik gertu edukitzea eta, beraz, berretsi du instituzioak proiektatzen ari diren Metroaren 5. lineak geltoki bat izan behar duela herrigunean. Hala eskatu du Iker Casanovak gaur Legebiltzarrean, baina EAJk eta PSEk atzera bota dute bere proposamena, Usansoloko herrigunea eta Metroa autobus bidez lotzea baztertu gabe.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, gaur egun Usansolok Euskotrenen geltokia erdigunean dauka eta ez luke zentzurik izango Metroa eraikitzeak herriak geltoki hori galtzea ekartzea, Jaurlaritzaren plana geltoki bakarra egitea baita, ospitale ondoan, erdigunetik urrun, eta 2029an Euskotrenen geltokia desagertuko litzateke. Alternatiba hori, ohartarazi du Casanovak, herritarrei erraztasunak eman ordez, metroaren erabilera sustatzearen kontra joango litzateke. “Metroa Usansoloraino eramatea hainbeste urtez aldarrikatzen egon ostean, ez litzateke arrazoizkoa izango metroa herrigunera ez iristea eta gaur egun erdigunean dagoen tren-geltokia galtzea gainera”.

Hori dela eta, EH Bilduk bestelako alternatibak aztertzea proposatu du, “Usansolok metro-geltoki bat erdigunetik gertu edukiko duela bermatzeko”. Bata, “ospitalearen ondoko geltokia hegoalderantz mugitzea eta sarrera bat erdigunetik gertuago kokatzea, Ibaizabal ibaiaren herriaren aldean”; bestea, “ospitalearen ondoko geltokiaz gain, herrian geltoki lurperatu berri bat egitea, egungo tren-geltokiaren inguruan”. Bizkaiko Batzar Nagusietan alternatiba horiek aztertzea onartu zen, EAJ eta PSEren abstentzioari esker, baina gaur Legebiltzarrean gobernukideek hori ere ez dute onartu nahi izan.