AKTUALITATEA


| 2020-04-24 15:23:00

EH Bilduk adin nagusiko herritar guztiei 100 euroko bonuak banatzea proposatu du gaur Diputazio Iraunkorrean, neurri hori erabakigarria izango zelakoan osasun krisiaren ondorioz itxita dagoen merkataritza txikia salbatzeko. Tamalez, Eba Blancok deitoratu duenez, EAJ eta PSE proposamen horren kontra agertu eta bertan behera utzi dute, nahiz eta sektorearen oniritzia zeukan. Blancok azaldu duenez, herritar orori 25 euroko lau bonu-denda banatzeak, dendek-eta ateak berriz irekitzen dituztenean gutxienez 75 euroko erosketak egin ahal izateko, 7,6 milioi erosketa egitea ahalbidetuko zuen, 570 milioi euro inguruko kontsumoa, eta erabakigarria izango zen 7.000 eta 10.000 arteko denda txiki salbatzeko.
Hala eta guztiz ere, EAJ eta PSEk kontrako boza eman eta kontraproposamena egin dute. Bertan bonu-dendak banatzeko aukera aintzat hartu arren, ez dute inolako zehaztasunik eman, ez zenbatekoari dagokionez, ez formari dagokionez. Hori dela eta, Blancok merkataritza txikia babesteko konpromiso argiak eta zehatzak hartzeari uko egitea leporatu die, eta ohartarazi du “merkataritzak, ostalaritzak eta turismoak ez dituztela hitz politak behar, orain arte behintzat inork ikusi ez dituen neurri zehatz eta eraginkorrak baizik”.
Horren harira, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “salbuespen egoera honetan salbuespeneko neurriak behar dira, baina Jaurlaritzan ez dira horretaz jabetu eta, hala, EAJ-PSEren planteamenduak inertzia du oinarri, betikoa egiten jarraitzeko; gureak, aldiz, ezhoiko neurriak proposatzen ditu. Horregatik, nahiz eta guztiok bonuez hitz egin, ez gara gauza berberaz hitz egiten ari, Gobernuko alderdiek ez dutelako zehaztu nahi izan ez bonu horien zenbatekoa, ez formatoa, ez ezer. Ez dira gauza bera bonu arrunt bat normaltasun faltsu baten baitan eta EH Bilduk nahi duen aurrekaririk gabeko ahalegina”.