Legebiltzarra

Albisteak

Matute: “Bankuek oparitu zitzaizkien 60.000 milioiak itzuliz gero, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izango lirateke”


Bizkaiko zerrendaburuak ziurtatu du EH Bildu euskal pentsiodunen ahotsa izango dela Madrilen eta euren aldarrikapenak Gorteetara eramango dituela.

| 2019-04-25 14:59:00

Oskar Matutek Banka eta botere ekonomiko nagusien erdigunera eraman du gaur hauteskunde kanpaina, Bilboko Gran Via kalera, alegia, eta hantxe bertan salatu du bankuak salbatzeko aitzakiapean Estatu espainoleko herritar guztiek pairatu zuten iruzurra. Esan duenez, “bankuak erreskatatzeko oparitu zitzaizkien 60.000 milioiak itzuliko balira, bermaturik egongo litzateke euskal pentsiodunek aldarrikatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsioa”. Hori dela eta, “EH Bildu lehena izango da Madrilen dirutza hori oso-osorik itzul dezatela exijituko duena, eta erabil dadila herritar guztiak babesteko eta jende guztiari bizi baldintza duinak bermatzeko”. Izan ere, dirua egon badago, baina jendearen dirua bankuek daukate; itzul dezatela eta aurrerapauso handia emango dugu bizi baldintza duinak bermatzeko”.
Ildo horri jarraituz, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak hitza eman du EH Bildu “euskal pentsiodunen ahotsa” izango dela Madrilen. “Haien eskakizun eta aldarrikapenak eramango ditugu Kongresura zein Senatura, bidezkoak eta beharrezkoak direlako bizi baldintza duinak bermatzeko. Berea dena bueltatzea baino ez dira eskatzen ari pentsiodunak eta, beraz, guk beste inork baino indar handiagoarekin eskatuko dugu Madrilen Banka handiak herritarrek utzitako 60.000 milioi euroak bueltatzea eta diru hori herritarren lehentasunetan inbertitzea, besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin eta pentsioak KPIren arabera eguneratu daitezen”.
Pentsiodunen mugimenduaren “indarra eta gogoa” goraipatu ostean, Matutek salatu du kolektibo horrek eros ahalmena galdu duela “erabaki politiko jakin batzuen ondorioz, helburua Banka eta botere ekonomiko handiak babestea izan delako eta jendea, aldiz, estalperik gabe utzi dutelako”. “Pertsonak zaintzen dituen herri batek ezin du horrelakorik onartu”, erantsi du, eta ohartarazi du “krisi ekonomikoa ez dela amaitu, edo gezurrezko amaiera izan duela behintzat, milaka herritar, pentsiodunak barne, prekarietatean bizitzera kondenatu dituelako, eta egoera hori are larriagoa da emakumeen kasuan, kobratzen dituzten pentsioak botere publikoak lotsatzeko modukoak direlako”.