Legebiltzarra

Albisteak

Mahaia banatzeko EAJ, PSE eta Podemosen arteko akordioak interes alderdikoiak lehenetsi ditu, proportzionaltasuna baino


EH Bilduren iritziz, Legebiltzarreko lehen presidenteordetza PSEri ematea ez dator bat herritarrek bozkatu dutenarekin. “Gu ez gaude aulkiak banatzeko eduki politikorik gabeko estrategia huts batean eta ez gara horretan katramilatuko. Hori ezin da garrantzitsuena izan krisi larri bati aurre egin behar diogun honetan”.

| 2020-08-03 13:11:00

EH Bilduk desadostasuna adierazi du EAJ, PSE eta Podemosek Legebiltzarreko Mahaia banatzeko egin duten akordioarekin, ez diolako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek uztaileko hauteskundeetan esan zutenari erantzuten. Nerea Kortajarena EH Bildu taldeko koordinatzaileak azaldu duenez, Parlamentuko lehen, hirugarren eta laugarren indarrak akordio batera iritsi dira “ez eduki politikoen baitan, interes alderdikoien baitan baizik; aniztasuna eta proportzionaltasuna aldarrikatu dituzte egin dutena justifikatzeko, baina bistakoa da gaurko bozketaren emaitza ez dela printzipio horietan oinarritzen”. Izan ere, “ez da proportzionala lehen presidenteordetza PSEri ematea, PSE hirugarren indar politikoa denean, EH Bilduren botoen erdia baino gutxiagorekin”. Horren ondorioz, Eba Blanco bigarren presidenteorde atera da.
Kortajarenak gogora ekarri du hauteskundeetako emaitzak errespetatuz gero, EH Bilduri bi eserleku egokitzen zitzaizkiola Mahaian, baina, erantsi duenez, “gu Mahaia beste alderdiei ere irekitzeko prest egon gara hasieratik, betiere akordio politiko baten baitan; gu ez gaude, eta ez gara egongo, aulkiak banatzeko estrategia huts batean, eduki politikorik gabeko banaketa soil batean. Tamalez, adostasun politiko hori ezinezkoa izan da; horregatik ez dugu EAJ, PSE eta Podemosekin bat egin”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du koalizioa ez dela “aulkiak banatzeko joko batean sartuko, ez eta horrelako eztabaidetan katramilatuko”. Haren esanetan, “ez da hori euskal gizarteak behar duena, egoera oso larria baita horrelako kontuekin denbora galtzeko, eta horregatik ez dugu hautagaitzarik aurkeztu idazkari posturako. Postu batzuen banaketa ezin da garrantzitsuena izan, are gutxiago krisi sanitario, ekonomiko eta sozial bati aurre egin behar diogunean. Egoera oso larria da eta eskatzen du guztiok gure interes partikularrak alde batera uztea eta irtenbide partekatuak bilatzea, elkarlanean. Horrekin koherentzian jokatu dugu gaur. Asmo horrekin helduko diogu legealdiari eta zentzu horretan lan egingo dugu gaurkoaren ostean ere”.