AKTUALITATEA


| 2024-06-27 13:57:00

Legebiltzarrak XIII. Legealdiko batzordeak eratuko ditu bihar goizean eta, EH Bilduren iritziz, batzordeen presidentziak apirilaren 21eko hauteskundeen ostean talde parlamentarioek duten ordezkatze-mailaren eta indarraren arabera banatu behar dira. Horren haritik, Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du koalizioak 27 eserleku dituela, EAJk adina, eta defendatu du Legebiltzarreko organoek gehiengo politikoak eta taldeok dugun indarra islatu behar dituztela, bai eta batzordeen presidentzien banaketari dagokionez ere, banaketa hori hauteskundeen emaitzarekin koherentea izan dadin”.

Hori horrela, Kortajarenak iragarri du EH Bilduk printzipio demokratiko horren araberako proposamen bat egingo duela bihar, legealdi berrian aurreikusita dauden hogei batzordeen presidentziak koherentzia horrekin eta modu proportzionalean banatu daitezen. Hala, 27 eserleku edukita, EH Bilduri zazpi presidentzia dagozkiola azaldu du bozeramaileak, eta, beraz, koalizioak hautagaiak aurkeztuko ditu zazpi batzordetan presidentzia hartzeko. Honakoak izango dira batzordeak: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuna; Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa; Europako Gaiak eta Kanpo Harremanak; Kultura, Euskara eta Kirola; Merkataritza, Turismo eta Kontsumoa; Lurralde Plangintza eta Etxebizitza, eta Berdintasuna eta Garapenerako Lankidetza.

Legebiltzarra eztabaida politikoaren erdigunean jarri beharra aldarrikatu zuen Pello Otxandianok inbestidura saioan eta, Kortajarenaren ustez, norabide horretan doa EH Bilduk bihar egingo duen proposamena.