AKTUALITATEA


| 2024-06-27 13:54:00

Pasa den martxoaren 5ean Anoeta inguruan, Realaren eta PSGren arteko partida hasi aurretik, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agente batek emakume bat era arbitrarioan kolpekatu egin zuela frogatzen duen bideo bat argitara atera izanak “agerian utzi du berriz ere beharrezkoa dela neurri zorrotzagoak hartzea Ertzaintzaren jokaera bortitz eta neurrigabeen aurka”. Hala eskatu du gaur Julen Arzuagak, beharrezkoa delako, lehenik eta behin, kasu honek aurrera egitea epaitegietan, emakume horri eraso egin zion agentearen ardurak garbitzeko, eta, bigarrenik, azken urteotan Ertzaintza barruan ireki diren diziplinazko espedienteak ezagutzea eta sakon aztertzea, herritarrak kezkatzen dituzten kasu horiei buruzko diagnostiko argi bat atera ahal izateko”.

Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak “neurri are zorrotzagoak” eskatu ditu, “ireki diren espedienteak, polizia-ekintza irregularren icebergaren tontorra baino ez direnak, inongo ondoriorik atera gabe ixten direlako askotan, edo, bestela, barregarriak diren zigorrekin”. Hori dela eta, Arzuagak espediente horiek ezagutzea eskatu du, bai eta eztabaida bat irekitzea ere biktima horiei, Anoetako emakumeari ere bai, justizia eta erreparazioa emateko eta horrelako kasuak berriz ez gertatzeko bermeak ipintzeko.

Anoetako kasu horretan, emakumeari foamezko jaurtigai batekin tiro egin zioten lehenago, eta gero, horren ondorioz lurrean zegoela, ertzain batek ostikada bat eman zion. Egun horren bueltan ere indarkeria polizialaren beste kasu batzuk gertatu ziren Tolosan, Bilbon, Astigarragan eta Gasteizen, eta testuinguru horretan Arzuaga bi ondorio atera daitezkeelakoan dago: “Batetik, onartezina den ertzain batzuen jarrera bortitza; bestetik, une horretan Josu Erkoreka buru zeukan Segurtasun Sailaren erreakzioa ardurak estaltzeko, egia esan gabe eta justifikazio sinestezinak emanez. Hori da Erkorekak utzi duen herentzia: proportziorik gabeko indarkeria kasuetan areago elkartzea eta gardentasun falta erabatekoa”.