AKTUALITATEA


| 2019-05-16 15:26:00

EH Bilduk lege proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean 14/2012 Legea, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, aldatzeko. Proposamena, EH Bildurekin batera, beste talde parlamentario guztiek ere sinatu dute, PPk izan ezik. Legebiltzarrak gutxi barru onartuko duen lege aldaketa hori dela medio, 2012ko legeak aitortutako eskubideak baliatu nahi dituzten pertsonek ez dute azterketa psikiatriko bat egin beharko, eta horrek, Oihana Etxebarrietak azaldu duenez, “aldaketa txikia dirudien arren, aldaketa nabarmena dakar, hain zuzen ere, aldez aurretiko azterketa psikiatrikoa ezabatzen duelako legetik”. Izan ere, 2012an onartu zen legeak arazo handia zeukan, “legea bera patologizazioaren norabidean mantentzen zuelako; hortaz, orain transexualitatea despatologizatzea aurrerapauso handia da, LGTBI mugimenduak etengabe eskatu duena, hain zuzen ere. LGTBI mugimenduaren bultzada da ekimen politiko honen jatorrian egon dena”.
Legebiltzarkideak adierazi du “2012ko legeak zeukan muga hori ezabatzea ezinbestekoa zela EH Bildurentzat”, eta koalizioaren konpromisoa berretsi du “despatologizazioaren norabidean urratsak ematen jarraitzeko”. Horri jarraituz ohartarazi du “oraindik asko dagoela egiteko norbanakoen eskubideak modu osoan betetzeko”. Bere hitzetan, “identitate anitzak barne bilduko dituen eta eskubidedun subjektu bilakatuko dituen lege eta dekretuak behar ditugu; gaurkoan zehazki transexualitateari buruzko legeari erreferentzia egiten zaion arren, jakin badakigu hainbat identitate hortik kanpo geratzen direla eta norabide horretan lanean jarraituko dugu haientzako”.