AKTUALITATEA


| 2019-06-14 15:24:00

Nekane Murga Osasun sailburuak gaur goizean Legebiltzarrean emandako azalpenak eznahikoak direla iritzita, Rebeka Uberak mozioa aurkeztu du Legebiltzarrak Osasun Sailaren jokabidea gaitzetsi dezan “Osakidetzako 2016-2017 Lan Eskaintza Publikoaren auzian fiskaltzaren esku informazio guztia ez jartzeagatik eta epaitegietako ikerketa oztopatzen saiatzeagatik”. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “larria eta onartezina da Osasun Sailak lehenengo minutuan laguntza osoa eta dokumentazio osoa eman ez izana epaile eta fiskalari eta azkenean epaileak bidaltzeko espresuki eskatu behar izatea”.
Halaber, Uberaren mozioak oposizioei buruzko barne ikerketan bildutako informazio, material eta esku-hartze guztien nondik norakoak, azterketak eta azterketak zuzentzeko erabili diren makinak eta hauen memoriak barne, fiskalari helarazteko eskatzen dio Osakidetzari.
Belen Greaves EAJko buruzagi ohiaren jokaerari ere heltzen dio mozioak, berak zuzendu baitu Osakidetzaren barne ikerketa Kardiologia arloan. Zehazki, Uberak espediente informatiboa irekitzeko eskatu dio Jaurlaritzari, Greavesek “instruktore gisa izandako jokabidea aztertu eta dagozkion ondorioak zehazteko”. Uberaren ustez, Greavesek ez ditu betetzen horrelako ikerketa bat zuzentzeko ezinbestekoak diren independentzia eta neutraltasun politikoaren printzipioak.
Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu du “Osasun Sailak ospitaleetako mediku espezialisten lan eskaintza publikoaren ebazpen prozesuak, ospitalez kanpoko pediatria eta familia medikuena izan ezik, kautelaz eten ditzala, epaitegietan argitu eta ondorioak atera arte”.