EH Bildu eta EAJ bat eginda, Legebiltzarrak asmo birzentralizatzaileekin Estatu espainoletik gure erakunde eta legeen kontra datozen esku-sartzeak salatu ditu gaur, “hala nola EAEko unibertsitate sistemari dagozkienak”, eta 2023-2026ko Unibertsitate Sistemaren Planean txertatu du adierazpen hori. Salaketa hori egiteko proposamena EH Bilduk egin zuen pasa den asteazkenean, aipatutako plana Hezkuntza Batzordean eztabaidatu zenean, baina Batzordearen akats baten ondorioz ez zen behar bezala bozkatu. Hori dela eta, adierazpena gaur bozkatu da berriro, eta onartuta geratu da EH Bildu eta EAJren botoekin. PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP, ordea, kontra agertu dira.
Ikoitz Arreseren iritziz, “garrantzitsua da Legebiltzarrak salaketa hori Unibertsitate Sistemaren Planean txertatzea, Estatuaren esku-hartzeak, hemen gure politika publiko propioak antolatzeko gaitasuna nabarmen mugatzen dutenak, agerikoak direlako. Unibertsitateko ordezko irakasleen lan baldintzak erabakitzeko ahalmena mugaturik dugu horren ondorioz, adibidez, eta azken egunotan oso nabariak izan dira euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko epaileek jarritako oztopoak. Hori guztia kontuan hartuta, behar-beharrezkoa zen Legebiltzarrak argi salatzea esku-hartze bidegabe horiek, eta salaketa hori eremu guztietara eramatea”.