AKTUALITATEA


| 2019-06-05 14:17:00

EAJ, PSE eta PPk adostu duten Poliziari buruzko Legea “aukera galdu bat da euskal poliziak egungo baldintza eta beharretara egokitzeko” eta, horiek guztiak aintzat hartuta, etorkizuneko polizia eredua diseinatzeko. Julen Arzuagaren esanetan, “polizia ereduaren inguruko eztabaida sustatzen saiatu gara euskal polizien artean funtzio banaketa egokiagoa eta koordinazio eraginkorragoa lortzeko, delinkuentzia tasak eta bestelako aldagaiak kontuan hartuta zer nolako baliabideak behar diren zehazteko”. EH Bilduko legebiltzarkideak polizia eredu berri baten aldeko apustu egin du, zeinaren arabera Ertzaintzak funtzio espezializatuak beteko lituzkeen eta udaltzaingoak gertutasuneko polizia litzatekeen.
Hala ere, Arzuagak salatu duenez, EAJ, PSE eta PPk eztabaida horretan sartzeari uko egin diote, euren arteko akordioa itxita ekarri dute Legebiltzarrera, eztabaidatu eta negoziatzeko aukerarik eman gabe, eta, finean, “konponketa korporatibo huts batekin itxi dute” legearen inguruko debatea. Izan ere, interes korporatiboei bakarrik begiratu diete eta “soldata osagarri batzuk adostu dituzte eta horien gainean itxi dute akordioa”.
Hori guztia dela eta, EAJ, PSE eta PPk adostutako irizpenaren kontra agertu da EH Bildu.