AKTUALITATEA


| 2019-05-20 15:08:00

Zegona inbertsio funts britainiarrak Euskaltelen kontrola eskuratu bezain laster EH Bilduk Kutxabankeko presidente Gregorio Villalabeitiaren agerraldia eskatu zuen Legebiltzarrean, haren bankua Euskaltelen jabeetariko bat delako eta bertan burutu duen desinbertsio prozesuak Zegonari kontrola hartzea erraztu diolako. Hala ere, Villalabeitiak uko egin dio azalpenak emateari eta hala jakinarazi dio gaur bertan Legebiltzarrari. Iker Casanovaren iritziz, “Kutxabankeko presidenteak Parlamentua eta bertan ordezkatuta dauden herritar guztiak mespretxatu ditu erabaki horrekin; ezin dezakegu ahaztu Kutxanbanken jabe diren banku fundazioak diru publikoarekin sortu zirela duela urte asko eta, beraz, euskal gizarteak eskubidea du Euskaltelen zer gertatu den jakiteko eta horren inguruko azalpen guztiak jasotzeko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Kutxabankek Euskaltelen duen ardura azpimarratu du gainera. “Patronalak berak berretsi du guk behin eta berriz egin dugun salaketa, alegia, Jaurlaritzak eta Kutxabankek Euskaltelen burutu duten desinbertsio prozesua dagoela afera honen jatorrian eta horrek azaltzen duela, hein handi batean, zergatik gaur konpainiaren kontrola inbertsio funts britainiar baten esku dagoen. Gero eta argiago dago Kutxabankek azken urteotako desinbertsio prozesua irauli behar duela eta enpresa estrategikoetan inbertsio politika esanguratsu eta iraunkorra garatu behar duela enpresa horien lurraldearekiko atxikimendua ziurtatzeko eta eredu produktibo propio sendo, osasuntsu eta jasangarria garatzeko”.