AKTUALITATEA


| 2019-09-16 14:17:00

Leire Pinedo eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideek Kooperatiben Lege Proiektuaren tramitazioa eta haren edukia bera baldintzatzen eta bideratzen saiatzea egotzi diote gaur Confebaski, eta patronalaren esku-sartzea onartezina dela salatu dute. “Oso larria da Legebiltzarraren jarduera legegilean eskua sartzea eta Legebiltzarrari esatea nola bideratu behar duen lege proiektu bati buruzko eztabaida; Confebask ez da nor Parlamentuari esateko zer nolako legeak onartu behar dituen”. Izan ere, patronalak gutuna bidali dio Legebiltzarreko presidenteari, ados ez dagoelako Kooperatiben Lege Proiektuaren tramitazioaren baitan EH Bilduk eginiko zenbait zuzenketarekin; areago, patronalak tramitazioa eteteko eskatu du, Lan Harremanetarako Kontseiluak zuzenketa horiei buruzko iritzia eman arte.
Pinedo eta Ugarteren ustez, “Confebasken eskaria oso larria da, helburu duelako Legebiltzarraren jarduera legegilea baldintzatzea eta haren interes partikularren arabera bideratzea”. “Ondo dakigu lobby ekonomikoak ohituta daudela botere politikoaren erabakiak bideratzen, eta euren boterea erabiltzen dutela, ezkutuan, alderdiak eta instituzioak presionatzeko, baina Confebaskek harago joan da, inolako disimulurik gabe jo duelako Legebiltzarrarengana zer egin behar duen esateko, eta guztia enpresa-erakundeen ordezkaritzaren monopolioa nahi duelako Lanbideko Administrazio Kontseiluan”.
Horretan, enpresa-erakundeek Lanbiden duten ordezkaritzan, alegia, datza hain justu Confebasken desadostasuna EH Bilduren proposamenekin. “Gaur egun enpresa-erakundeek bost ordezkari dituzte Lanbiden eta Confebaskenak dira bostak. Guk, ordea, proposatu dugu bost ordezkari horietatik bat mugimendu kooperatibistarena izango dela bermatzea, eta horrek, jakina, Confebaskek ordezkari bat galtzea ekarriko luke”. EH Bilduren proposamena guztiz logikoa dela defendatu dute Pinedok eta Ugartek: “Guztiok dakigu zer nolako garrantzia duten kooperatibek herri honetan (Barne Produktu Gordinaren %7 eta 55.000 langile baino gehiago) eta guztiz arrazoizkoa da haiek ere Lanbideko Administrazio Kontseiluan egotea. Ezinbestekoa da Lanbiden enpresa-erakundeen ordezkaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate ekonomiko eta sozial osoa islatzea, eta horretarako lekua utzi behar zaie kooperatibei; Jaurlaritzak berak ere ondo ikusten du aukera hori”.
Gutun bidez egin duen eskariari erantzunez, EH Bilduko legebiltzarkideek Confebaski gogorarazi diote “Lanbiden ordezkaritza duela Legebiltzarrak hala erabaki zuelako, eta Legebiltzarrak berdin-berdin, zilegitasun berberarekin, erabaki dezake orain ordezkaritza hori mugimendu kooperatibistarekin partekatu behar dela”. Beraz, erantsi dute, “Confebaski eskatu behar diogu betiko bazter ditzala Legebiltzarra presionatzea baino bilatzen ez duten gutunak eta jokabideak, jabetu dadila herri honetako errealitate sozial eta ekonomikoaz, ikus dezala berak ez duela enpresa-munduaren monopolioa, eta, ondorioz, onar dezala kooperatibek ordezkaritza izan behar dutela Lanbiden”.
Bestalde, Legebiltzarreko presidenteari galdegin diote “Kooperatiben Lege Proiektuaren tramitazioak berdin-berdin jarrai dezala, Confebasken gutuna aintzat hartu gabe, eta patronalari argi utzi diezaiola gutun horiek, presionatzeko forma horiek, onartezinak direla eta soberan daudela”.