Arantxa Tapia sailburuak gaur iragarri duenez, Jaurlaritzak EH Bilduk ekainean eskatu ziona egingo du azkenean Zaldibarreko zabortegian, “berandu, hiru hilabete alferrik galduta”. Zehazki, Gobernuak modu subsidiarioan esku hartuko du Zaldibarren egonkortze lanak egiteko, zabortegia berriz jauzteko arriskua dagoelako azterketa geoteknikoen arabera, egonkortasun arazo larriak baititu uren filtrazioen ondorioz. Txosten teknikoen arabera, zabortegiak duen segurtasun faktorea oso baxua da, arrisku altukoa, eta, ondorioz, premiazkoa da estaldura bat jartzea eta behin betiko zigilatze lanak ahalik eta lasterren hastea.
Jaurlaritzak orain ekingo die lan horiei, EH Bilduk horixe bera planteatu eta hiru hilabetera. Mikel Oteroren ustez, “ez da albiste txarra, baina Jaurlaritzak gauzak egiteko duen modu traketsa erakusten du, kudeaketa oso eskas baten adibide”. Izan ere, “EH Bildutik horixe eskatu genion ekainean, eta ezezko borobila jaso genuen; EAJk eta PSEk gaiari garrantzia kendu zioten eta alarma sortzea egotzi ziguten gainera, azkenean, hiru hilabete pasa ostean, guk proposatzen genuena egiten amaitzeko. Jaurlaritzaren egiteko modua da: oposizioak dakarren ekimen oro atzera botatzea, nahiz eta arrazoizkoa izan. Oraingoan ere modu traketsean eta berandu ibili da, eta berriz erakutsi du atzera egiten duenean bakarrik asmatzen duela”.