AKTUALITATEA


| 2020-06-18 17:39:00

EH Bilduren iritziz, aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen langabezia sari txikienak (urtean 20.000 euro baino gutxiagoko soldatak) 100 eta 150 eurorekin osatuko dituela iragarrita, Jaurlaritza aitortzen ari da ebidentzia onartu behar izan duela eta, hortaz, atzera egin ere bai. Izan ere, Nerea Kortajarenak gogora ekarri duenez, “duela gutxira arte ez EAJk ez PSEk ez zuten osagarri horren beharrik ikusten, euren ustez, erregulazioan dauden langileen estaldura maila nahikoa zelako”.

Horren haritik, azaldu du Kortajarenak, EH Bilduk erregulazio espediente horiek osatzeko proposamena egin zuen maiatzean Legebiltzarrean, baina EAJ eta PSE kontra agertu eta atzera bota zuten. Koalizioaren planteamendua gaur Artolazabal eta San Jose sailburuek iragarritakoa baino harago zihoan, anbizio handiagoa zeukan, hainbat kasutan, langileen egoeraren arabera, 400 euroko osagarriak aurreikusita, adibidez. “Bistakoa da hobe dela 100 edo 150 euroko osagarri bat ezer ez baino, baina tamalgarria da horrenbeste denbora alferrik galtzea eta azkenean anbizio gutxiko neurri bat planteatzea, bai laguntzaren zenbatekoari dagokionez, bai onuradunen kopuruaren dagokionez. Osagarria 44.000 langilek kobratuko dutela esan dute, baina gaur egun 100.000 dira aldi baterako enplegu erregulazioan jarraitzen dutenak, eta pandemia hasi zenetik 170.00 inguru izan dira guztira; hau da, Urkulluren Gobernuak ez die inolako erantzunik emango hamarnaka milaka langileri”.

Kasu honetan gertatu denak berriro frogatzen du, Kortajarenaren irudiko, “Jaurlaritzak ez duela ekimena hartzeko gaitasunik, ez dela arazoei tamainako erantzunak emateko gauza; lehenik eta behin, sindikatuak osagarria eskatzen hasi zirenean, EAJ eta PSEk horren beharra ukatzeari ekin zioten, gero horren kontra bozkatu zuten Diputazio Iraunkorrean, eta azkenean atzera egin eta oso motz geratzen den osagarri bat onartu behar izan dute. Beti berandu, atzetik, arazoei aurrea hartu gabe”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “kaltetutako langileak modu iraunkorrean Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez babestu beharrean, guk proposatu bezala, Jaurlaritzak Enplegu Sailak kudeatuko duen laguntza bat sortzea hobetsi du, baina autonomo eta kulturgileentzako laguntzekin gertatu dena ikusita, okerrena espero dezakegu, enegarren lardaskeria”.