AKTUALITATEA


| 2025-02-27 11:35:00

EH Bilduren ekimenez, hurrengo Lan Eskaintza Publikoetan Bioteknologia ikasketak hainbat eskalatan sartzea aztertuko du Jaurlaritzak, bioteknologoek ere lan deialdi publikoetan parte hartzeko aukera izan dezaten, orain arte ez bezala. Zehazki, honako eskala hauetan sartuko lirateke: Ingurumena, Nekazaritza eta Abeltzaintza, Larrialdiak eta Meteorologia, Osasun Publikoa eta Epidemiologia eta Laborategia. Proposamena EH Bilduk aurkeztu du, eta EAJ eta PSErekin adostu eta gero, Legebiltzarraren ia erabateko babesa jaso du, “Bioteknologiaren azterketa-eremua Osasun Publikoaren, Epidemiologiaren eta Laborategiaren eskaletan sartzea egokia eta beharrezkoa” delakoan.

Lamia Arcas EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, bere proposamenaren helburua argia da, bioteknologoek lan deialdi publikoetan orain arte pairatu duten diskriminazioa amaitzea, alegia. 2022an, adibidez, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikotik kanpo utzi zituen Jaurlaritzak. “Prestakuntza eta gaitasuna edukita ere, Osakidetzan lanpostu bat lortzea ukatu zaie; diskriminatu dituzte, aukera berdintasunaren printzipioa urratuta, eta horrek gizarteari berari ere kalte egin dio, profesional horien jakintza ukatu zaiolako. Urteak daramatzate borrokan, euren eskubideak aldarrikatuz, eta gaurko akordioa urrats garrantzitsu bat da borroka burokratiko luze horretan”.