AKTUALITATEA


| 2024-09-19 09:21:00

EH Bilduk Hezkuntza Akordioaren adostasunetara itzultzeko eskatu dio gaur Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburu berriari. Hala mintzatu zaio Ikoitz Arrese Legebiltzarrean, sailburuak legegintzaldirako dituen egitasmoak aurkezteko egin duen agerraldian. Pasa den legealdian EAJk eta PSEk onartutako Hezkuntza Legea “aukera galdua” izan zela salatu ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du “Hezkuntza Akordioaren adostasunetara itzultzea eta haren edukietan aurrera egitea, Akordio hura tresna nagusia delako, elkarlanetik eta adostasunetatik, gure hezkuntza sistemak behar duen eraldaketa bultzatzeko”. Izan ere, “Akordio horretan zehaztu genuen nola egin behar diogun aurre segregazioari, zer nolako digitalizazio arduratsua bultzatu behar dugun eta nola egin behar dugun ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko”.

“EH Bildu Hezkuntza Akordioan dago”, berretsi du Arresek, eta sailburu berriak norabide horretan ere esandakoak aintzat hartuta, Hezkuntza Sailak legealdi bukaeran erakutsi zuen jarrera zuzenduko duela espero duela erantsi du.

Arresek ohartarazi du EAEko hezkuntza sistemak “duela lau urteko arazo berdinak dituela gaur”, eta EAJk eta PSEk hitzartu zuten legeak ez dueka sistemak ezinbestean behar duen eraldaketa ekarriko. “Gure sistema agortua dago eta ez die erantzuten aurrean ditugun erronka kolosalei: jaiotze tasaren beherakada zuzenean ari da egoera tenkatzen; digitalizazioa imajinatu ere egiten ez dugun eran ari da guztia aldatzen; segregatzailea den hezkuntza sistema izaten jarraitzen dugu, eta behar beste euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak mantendu egiten dira, euskal ikasleen eskubideak urratuz”.

Errealitate horren aurrean, Hezkuntza Akordioaren balioa azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, itun horrek “hezkuntza sistemak behar duen eraldaketa” ahalbidetuko duelakoan: “Eraldaketa pedagogikoa; digitalizazio arduratsua; sistema benetan inklusiboa, inor atzean utziko ez duena eta kohesio soziala bultzatuko duena, eta ikasle guztiak, euskarazko B2 maila izanik, euskaldun eleaniztun heziko dituena, besteak beste”.