AKTUALITATEA


| 2022-07-12 17:42:00

“Gaur bertan ezagutu dugu albistea: Donostiako epaitegi batek alabaren zaintza eman dio gizon bati, indarkeria matxista egotzita auziperaturik dagoen arren. Kasu honek gordintasun osoz erakusten du Legebiltzarrak premiaz heldu behar diola gurasoen banantze edo haustura kasuetan familia harremanak arautzen dituen 7/2015 Legearen erreformari, EH Bilduk pasa den legealdian proposatu bezala, indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua ukatzeko”. Oihana Etxebarrietaren esanetan, “gaurkoa bezalako albisteek argi eta garbi erakusten dute gure proposamena ezinbestekoa dela honelako albiste tamalgarriak errepikatu ez daitezen, eta horretarako beharrezkoa da berehala esku hartu eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko legedia berritzea”.

Etxebarrietak azaldu duenez, Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena aintzat hartu zuen 2019an eta lege aldaketaren tramitazioa martxan dago harrezkeroztik. “Batzordetik pasatu diren aditu ia guztiak bat etorri ziren gure proposamenaren helburuarekin; hau da, indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua ukatzearekin, baina orain tramitazioa amaitzeko ordua iritsi da 2015eko legea behingoz aldatzeko, Kongresu espainolak Kode Zibila norabide horretan ere aldatu duen bezalaxe. Horregatik eskatzen dugu Legebiltzarrak ahalik eta azkarren ponentzia sor dezala talde parlamentarioen artean erreformaren terminoak adostu eta prozesua amaitzeko, gaur ezagutu dugun kasua berriz gerta ez dadin”.