Duela bi aste, EH Bilduk Jaurlaritzaren akats estrategikoa salatu zuen, hizkuntza-teknologien garapenean funtsezkoak izan diren hainbat eragile Euskorpus egitasmotik at uzteagatik, adimen artifizialean eta eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea xede duen proiektu bat izanik, ulertezina delako zeregin horretan hain justu aritu diren euskal eragileak bazter uztea. Gaur EH Bilduk akats estrategiko hori zuzentzeko eskatu dio Pradalesen Gobernuari, Josu Aztiriak Legebiltzarrean aurkeztu duen mozio baten bitartez.
Zehazki, legebiltzarkide abertzaleak Jaurlaritzari eskatzen dio “Euskorpus egitasmoa aurrera eraman dezala orain arte adimen artifizialean eta hizkuntza-teknologien sektorean erreferentzia eta ibilbide teknologiko oparoa izan duten Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko kide diren agente teknologikoekin eta Hizkuntzen Industria eratzen duten elkarte eta klusterrekin batera”.
Halaber, hizkuntza-teknologien epe luzeko estrategia bat diseinatu dezala eskatzen dio, “berrikuntza artikulatuz, sinergiak identifikatuz, lan-ardatz handiak definituz, garapenerako plangintza diseinatuz eta gobernantza kooperatibo bat garatuz”.
Aztiriak gogora ekarri du adimen artifizialean eta, zehazki, lengoaia naturalaren prozesamenduan aurrerapen handiak ematen ari direla EHUren, Euskal Zientzia eta Teknologia Sarean ditugun agente teknologikoen eta hizkuntzen industria osatzen duten enpresen lanari esker, eta azpimarratu du herri honetan ditugun gaitasun zientifiko eta teknologiko handiak ezin direla bazterrean utzi Euskorpus bezalako egitasmo bat martxan jartzerakoan.
Pello Otxandianok duela bi aste salatu zuenez, eragile horiek guztiak Euskorpusetik kanpo utzita, “Jaurlaritzak gure ekosistema publiko-pribatuari buruzko ezjakintasun handia erakutsi du, kasurik onenean; kasurik txarrenean, gure gaitasunak eta talentua aldentzen dituen estrategia klientelarra islatzen du, ibilbide egokirik gabeko aktore jakin batzuei laguntzeko”.