AKTUALITATEA


| 2021-03-22 16:50:00

Kristau Eskolak ikasturtea amaitutakoan Bilboko Hijas de la Cruz eskola itxiko duela eta, beraz, egun batetik bestera bertako langileak, 40 inguru, eta 200 ikasleak kalean geratuko direla kontuan hartuta, EH Bilduk proposamena helarazi dio gaur Legebiltzarrean Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi Kristau Eskolaren erabaki horrek sortu duen egoera “aukera leiho bezala baliatzeko”, ikastetxea ixteak dakarren arazoa konpontze aldera. Ikoitz Arresek azaldu duenez, koalizioaren proposamenak Atxurik, Solokoetxek eta Alde Zaharrak hezkuntza arloan dituzten beharrak asetzea ahalbidetuko luke, auzo horietan “hezkuntza eskaintza publikoa eta euskalduna indartzeko”.
Zehazki, EH Bilduko legebiltzarkideak Hijas de la Cruz ikastetxea erostea proposatu dio Jaurlaritzari, eraikinari orain arte izan duen erabilera ematen jarraitu ahal izateko, betiere oinarri publiko eta euskaldunak izango dituen hezkuntza proiektu berritzaile eta erakargarri bat diseinatuz. Arreseren esanetan, “Ibaiondoko barrutiak horrelako proiektu bat behar du 0-18 adin tarteko eskaintza bermatzeko”. Halaber, koalizioaren proposamenarekin lanpostuak salbatuko lirateke. “Patronalek irtenbide bat adostu beharko lukete, langileek ikastetxean bertan lanean jarraitzeko edo beste zentro batzuetan birkokatzeko”. Arresek erantsi duenez, inplikatutako alde guztiek mahai edo foro bat aktibatu beharko lukete irtenbidea eztabaidatu eta adosteko.