AKTUALITATEA


| 2021-12-09 15:28:00

EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak haur eta nerabeen artean teknologia berrien eta sare sozialen erabilera seguru, arduratsu eta kritikoa sustatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, ingurune digitalak dakartzan arriskuetatik babeste aldera, Lore Martinez Axpek azaldu duenez. Honek bultzatutako akordioaren arabera, Gobernuak ‘Zeuk Esan’ haurtzaro eta nerabezarorako laguntza zerbitzuan eskuragarri dituen materialak eguneratuko ditu teknologia berriak erabiltzeko jarraibideak emateko, eta kontzientziazio eta informazio kanpaina indartsu bat abiatuko du horren inguruan, guraso, haur eta nerabeei zuzendutakoa, haur eta nerabeen kontrako indarkeria ekiditeko estrategiaren barne.

Inkesten arabera, gogorarazi du Martinez Axpek, nerabeen %29k bakarrik aitortzen dute euren gurasoek mugatzen dietela Interneten erabilera; horren haritik, haurtzaro eta nerabezaroan teknologia berriak eta sare sozialak erabiltzerakoan guraso eta familiak bidelagun digitalak izatearen garrantzia azpimarratu du. “Haur eta nerabeak natibo digital seguru, arduratsu eta kritikoak izatea nahi badugu, ezinbestekoa da gurasoak bidelagun digitalak izatea, ingurune digitalean egoki molda daitezen eta teknologia digitalek dakartzaten kalte guztiak ekidin eta onurak aprobetxatu ditzaten”.

EH Bilduko legebiltzarkidea kezkatuta agertu da teknologia berriek nerabezaroan duten eraginarekin, eta Unicefek horri buruz eginiko txosten bat ipini du mahai gainean. Horren arabera, nerabeen heren batek Interneten erabilera problematikoa du, bosten batek bideojolasekiko menpekotasuna izan dezake eta %15ak depresio sintomak ditu.