AKTUALITATEA


| 2020-04-21 17:07:00

EH Bilduren iritziz, “benetan harrigarria da ez epidemiologorik ez birologorik ez egotea” koronabirusaren aurkako neurriak zehazteko Osasun Sailak eratu duen erabakigune nagusian, Zuzendaritza Batzordean, alegia. “Eta are harrigarriagoa da ­–azpimarratu du Rebeka Uberak–  2016an oraingoa bezalako krisiei aurre egiteko espresuki sortu zen Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordea azken hilabeteotan ia bildu ez izana, hain larria den egoera honetan egunero bildu beharko litzatekeelako”.

Hori dela eta, Uberak ezinbestekotzat jo du Nekane Murga sailburuak azalpenak ematea, eta gogorarazi du EH Bilduk haren agerraldia eskatuta daukala jada. “Ez da arrazoizkoa inoizko osasun krisirik larrienean gaixotasun infekziosoetan adituak diren profesionalek osatzen duten aholku batzordea ez deitzea eta organo horretako kideak Jaurlaritzak Osasun Publikoaren arloan duen erabakigune nagusitik kanpo uztea; izan ere, aholku batzorde horren irizpideak funtsezkoa izan beharko luke edozein erabaki hartu ahal izateko”.

Erabakigune nagusi horretan nork hartzen duen parte ikusita, “badirudi koronabirusaren aurkako estrategia diseinatzerakoan Osasun Sailearentzat irizpide politikoak irizpide tekniko-zientifikoak bezain garrantzitsuak direla, garrantzitsuagoak ez badira”.