AKTUALITATEA


| 2023-09-01 16:34:00

Pasa den abuztuaren 23an Gorlizko anbulatorioan pediatrarik ez zegoelako kalte larriak pairatzeko arriskuan egon zen umearen familia Legebiltzarrean agertuko da, EH Bilduk gonbidatuta, euren kasua azaltzeko eta Uribe Kostako Pediatria zerbitzuaren prekarietatea salatzeko. Rebeka Uberak azalpenak eskatu dizkio jada Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, argitzeko zergatik ez zegoen pediatrarik Gorlizen data horretan, zer datetan ez den pediatrarik egon eta ea egokia iruditzen zaion hori udaran gertatzea, hain justu Gorlizen biztanleria gehien handitzen denean. Uberak Osakidetzako zuzendariaren agerraldia ere eskatu du, azaltzeko zer nolako neurriak hartuko dituen horrelako egoerak errepikatu ez daitezen.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “Gorlizko kasu honek era gordinean azaleratu ditu Uribe Kostan eta beste eskualde batzuetan Pediatria zerbitzuetan dauden gabezia handiak, eta garrantzitsua da guztiok argi edukitzea Gorlizen gertatu dena edonon gerta daitekeela, anbulatorioetan pediatrarik ez egotea ez delako salbuespen bat, hori, tamalez, ohiko bilakatu delako hainbatetan, eta horrek Gorlizkoa bezalako arrisku egoera larriak ekar ditzake, noski”.

“Funtsezkoa da –Uberaren iritziz– Osakidetzan dagoen pediatra falta estrukturala eta planifikazio gabezia mahai gainean jartzea, horrek dituen ondorioak ezagutzea eta neurriak behingoz hartzea herritarrek osasun zentro batera jotzen dutenean espero duten arreta bermatu ahal izateko. Osakidetzan normalizatzen ari da pediatren bajak eta oporraldiak ez ordezkatzea, Gorlizen gertatu den bezala, edo medikurik ez egotea anbulatorioetan, etengabeko arreta guneetan edota anbulantzia medikalizatuetan, baina hori ez da normala eta ezin dugu normaltzat hartu”.