AKTUALITATEA


| 2026-10-29 11:52:00

EH Bilduk bultzatuta eta EAJ eta PSErekin adostuta, Legebiltzarrak ponentzia bat eratuko du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan “Adimen Artifizialaren eraginaren aurrean lehentasunezko herri erronkak identifikatu eta zehazteko, gure gaitasunak eta gabeziak aztertzeko eta erronka horiei erantzuteko herri estrategia integral baten oinarriak finkatzeko”. Ponentzia horren helburua “Ekintza Plan bat diseinatzeko irizpideak adostea izango da, Adimen Artifizialaren arloan kolektiboetan trebakuntza bultzatzeko, eta gizartea, oro har, Adimen Artifizialaren soluzio berriak ulertzeko eta maneiatzeko gai izan dadin, bai eta horren erabilera arduratsua, etikoa eta segurua egin dezan”.

Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkidea pozik azaldu da akordioarekin, “ponentzia horrek ahalbidetuko duelako Adimen Artifizialaren eraginaren aurrean lehentasunezko herri erronkak identifikatzea, gure gaitasunak eta gabeziak aztertzea eta herri estrategia integral baten oinarriak finkatzea”. Azaldu duenez, “helburua gure agenda publiko burujabearen oinarriak eraikitzea da, Adimen Artifiziala gobernatzeko, haren erabilerak arautzeko eta haren ahalmena herri gisa ditugun erronken zerbitzura jartzeko”.

“Erronka –azpimarratu du– ez da teknologiaren bilakaerari jarraitzea haren norabidean eragiteko gaitasuna izatea baizik, gure eskubideak, gure burujabetza eta gure erabakitzeko ahalmena bermatuz. Kontua da ea prestatuta gauden, ea gai garen aukera berriak gure herriaren beharrekin lotzeko, arriskuei aurrea hartzeko eta Adimen Artifizialaren potentzialtasunari etekin handiena ateratzeko. Horretarako jakin behar dugu zein gaitasun beharko ditugun Adimen Artifizialaren euskal ekosistema burujabea eraikitzeko eta zelako ondorioak izango dituen Adimen Artifizialaren garapenak gure gizartean, aurre egin beharreko erronkak askotarikoak izango direlako. Adibidez, noiz eta nola txertatu hezkuntzan eta lan munduan edo nola bermatu Adimen Artifiziala feminista izango dela”.