EH Bilduk 12 zuzenketa egin dizkio EAJk eta PSEk, jarduera ekonomikoa sustatzeko, aurkeztu duten Administrazioa sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurrien lege proposamenari, zuzendu gabe onartuko balitz, ondorioak larriak liratekeelako, Ander Goikoetxeak ohartarazi duenez. “Ados gaude burokrazia arintzearekin, tramiteak sinplifikatzearekin eta jarduera ekonomikoa erraztearekin, baina hori ezin da aitzakiatzat erabili udalen autonomia ahultzeko, ingurumen bermeak murrizteko, lurralde antolamenduko tresnak bigarren mailan uzteko edota interes publikoa enpresa pribatuen esku uzteko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “lehenik eta behin, udalen autonomia eta erakundeen arteko lankidetza bermatu behar dira, sinplifikazioak ez duelako esan nahi erabakiak zentralizatu behar direnik. Administrazioen arteko koordinazioa hobetzea da bidea, ez udal eskumenak saihestea, udalak proiektuak tramitatzeko oztopo balira bezala. Hori da EAJren eta PSEren proposamenaren atzean dagoen ideia, baina, errealitatean, aldundiak, Jaurlaritza edo Ura agentzia izan ohi dira tramitazioak atzeratzen dituzten erakundeak, ez udalak. Udalerri bati eragiten dion proiektu bat ezin da udalaren parte-hartzerik gabe landu. Horregatik proposatu dugu erakundeen arteko lankidetza indartzea, udal plangintza errespetatzea eta desadostasunak lantzeko bideak ezartzea”.
Bigarrenik, Goikoetxeak salatu du gobernukideen proposamenak Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteko Legea aldatzea dakarrela, eta hori ez da modua halako garrantzia duen lege bat erreformatzeko. “Halako erabaki batek eztabaida politiko eta sozial zabala behar du, halako lege bat ezin da aldatu, behar bezalako azterketa eta parte-hartze prozesurik gabe. Bermeak eta adostasun zabalak behar dira. Horregatik eskatzen dugu Urdaibaiko legearen aldaketa lege proposamen honetatik kentzea”.
Hirugarrenik, EAJren eta PSEren lege ekimenak atea zabaltzen die eragile pribatuei interes publiko goreneko proiektuak garatzeko; hau da, lurrak birkalifikatzeko eta espropiatzeko aukera ematen die, horretarako mekanismoak argi garatu gabe. “Proiektu bati interes publiko goreneko izaera ematea –azaldu du Goikoetexak– ezin da lurralde-plangintza saihesteko bide bihurtu, interes publiko goreneko proiektu batek ezin du Lurralde Plan Sektorial bat ordezkatu. Horregatik eskatu dugu artikulu hori kentzea, proiektu horiek ere udalen parte-hartze efektiboa kontuan izan behar dutelako eta oso ongi arautu behar delako noiz eta nola aplikatzen zaion interes publikoa proiektu pribatu bati”.
Laugarrenik, EAJk eta PSEk proposatzen duten legeak ekoizpen ekologikoaren kontrol publikoa arriskuan jartzen duela ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, orain arteko kontrol eta ziurtapen eredua, publikoa, aldatzen duelako eta funtzio hori enpresa pribatuen esku uztea ahalbidetzen duelako. “Kontrol sistema fidagarria behar dugu, interes ekonomiko pribatuen menpe geratzeko arriskurik gabe. Sinplifikazioaren izenean, ezin dugu kontrol publikoaren pribatizazioan aurrera egitea onartu”.
Oro har, Goikoetxeak azaldu duenez, EAJren eta PSEren lege proposamenak ziurgabetasun juridikoa sortzeko arriskua du, oso arlo desberdin nahasten dituelako eta horiek guztiak lege bakar batean pilatzeak zalantzak sor ditzake arauen interpretazioan, administrazioen eskumenetan eta proiektuen tramitazioan. Sinplifikazioa ezin da segurtasun juridikoaren, ingurumen bermeen edo herritarren eta udalen parte-hartzearen kaltetan izan”.