Legebiltzarrak apirilean eta maiatzean egindako pleno monografikoetan egindako proposamenei segida emanez, EH Bilduk krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko garraio publikoan hartu beharreko neurriak ipini ditu gaur mahai gainean. Pedro Sanchez presidente espainolak arlo horretan iragarritako neurriak osatzeko eskatu dio Iker Casanovak Jaurlaritzari, “krisia familien poltsikoak gogor astintzen ari baita”.
Casanovak gogora ekarri duenez, EH Bilduk garraio publikoa merkatzea apirilean eskatu zuen lehenbizikoz Legebiltzarrean zein hiru Batzar Nagusietan, baina EAJren eta PSEren erantzuna ezezkoa izan zen. Gerora, maiatzean, 12 urtez azpiko umeentzat garraio publikoa doakoa izan zedila proposatu zuen Parlamentuan, baina orduan ere EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten. “Orain, ordea, ikusten ari gara Gasteizko alkate Gorka Urtaranek horixe bera planteatuko duela ostegunean Euskadiko Garraioaren Agintaritzaren bileran; alegia, gure proposamen berbera, EAJk eta PSEk atzera bota zutena, eskatzen ari da orain EAJko alkate bat. Batetik, poztekoa da ikustea nola EAJn, berandu bada ere, arrazoia geneukala konturatu diren. Bestetik, tristea da darabilten sektarismoa. Ez dira gai EH Bilduren proposamenak onak eta beharrezkoak izan daitezkeela onartzeko eta, ondorioz, hemengo instituzioak atzetik dabiltza, neurriak berandu planteatzen, eta beti beste batek lidergoa hartu duelako lehenago”.
Casanovaren irudiko, “horixe da gertatu dena; Sabin Etxean ez dira mugitu Gobernu espainolak, krisiaren kontrako neurrien artean, garraio publikoaren prezioa erdira jaistea erabaki duen arte”. Izan ere, Sanchezek duela zortzi egun iragarritakoaren arabera, irailaren 1etik aurrera Estatu mailako garraio publikoa %50 merkeagoa izango da, Renfe esaterako, eta deskontua %30ekoa izango da autonomia erkidegoek kudeatzen duten garraioan.
“Jaurlaritzak, aldiz, mugitu gabe jarraitzen du”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Geldotasun hori arduragabea da, are gehiago inflazioa eta krisi ekonomikoa familien poltsikoak gogor astintzen ari direla kontuan hartuta”. Hori dela eta, ondorengo neurriak premiaz hartzeko eskatu dio Lakuari, eta iragarri du EH Bilduk mozio bidez eramango dituela proposamen horiek udal eta batzar nagusietara: