Jaurlaritzak Gardentasun Lege Proiektua onartu eta aurkeztu du gaur, legealdia amaitu bitartean Legebiltzarrean onartzeko denbora materialik gabe, batez beste, lege baten tramitazio parlamentarioa 13 hilabetez luzatzen baita. Hori horrela, legea onartzeko denborarik gabe aurkezteak agerian uzten du, EH Bilduren iritziz, zein den EAJ-PSE Gobernuak gardentasuna eta praktika egokiak bermatzeko politikei ematen dien garrantzia.
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “honek frogatzen du gai hori ez dela izan, eta ez dela, Jaurlaritzaren lehentasun bat; nolabait, arlo horretan egin duenaren sintesia da, itxurakeria, praktika irregularren aurka zerbait egiten ari den plantak egitea; errealitatea, aldiz, bestelakoa da, horretan zerbait egin duenean legez derrigortuta izan delako, belarrietatik tira eginda”.
Horren haritik, salatu du Estarronak, “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan praktika irregularrak ekiditeko legerik gabe, baliabiderik gabe eta mekanismo eraginkorrik gabe jarraituko dugu, eta hori hala izango da, besteak beste, EAJk eta PSEk atzera bota dituztelako sistematikoki EH Bilduk gardentasunaren eta praktika onen alde aurkeztu dituen proposamen guztiak”.