AKTUALITATEA


| 2024-01-09 10:59:00

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari, argitu dezan nola den posible ‘Apaiz kartzela’ euskarazko dokumentala gaur gauean Kataluniako TV3 telebista publikoan estreinatzea, ETBn baino lehenago. Dokumental horrek Francoren diktaduraren garaian, 1968tik 1976ra bitartean, Zamorako espetxean kartzelatutako apaizen istorioa kontatzen du, gehien-gehienak Euskal Herrikoak zirelarik, eta gaur 23:20ean estreinatuko du TV3k, ‘Sense ficció’ saioaren barruan.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “ez da normala honelako euskal produkzio bat Kataluniako telebista publikoak estreinatzea, eta ez ETBk, are gutxiago ETBk emititzeko eskubideak dituela kontuan hartuta”. Arzuagak horren zergatia eta dokumental horrekiko asmoak argitzeko eskatu dio Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari. Izan ere “ez da lehen aldia memoria historikoarekin lotutako lan bat TV3en ETBn baino lehenago ematen dutena, hala gertatu baitzen ‘Non dago Mikel?’ dokumentalarekin eta ‘Altsasu’ lanarekin. Orduan horrelako lanek polarizazio politikoa eragiten dutela argudiatu zuen Aldekoak, eta orain ere azaldu behar du ea uste duen ‘Apaiz kartzela’ dokumentalak ere polarizazio politikoa eragiten duela, ea hori Gogora institutuarekin batera neurtzen duen eta ea, azken batean, hori izan den arrazoia dokumental hori estreinatzeari uko egiteko”.