AKTUALITATEA


| 2020-01-22 18:55:00

EH Bilduk gogor kritikatu ditu Vox eta PP alderdiek udal eta tokiko erakundeetan barne eta kanpo harremanetan bi hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen Jaurlaritzaren dekretuaren aurka iragarritako helegiteak. Rebeka Uberak gogora ekarri du dekretua EAJ eta EH Bilduk adostutako Udal Legearen garapena dela eta, azpimarratu duenez, “herritar ororen hizkuntza eskubideak, euskaldunenak zein erdaldunenak, bermatzera eta, are gehiago, segurtasun juridikoa ematera dator”.
Uberak “euskararen aurkako eraso zuzen” gisa hartu ditu Vox eta PPren helegiteak eta, horren ildotik, erantsi du “batak zein besteak oso argi dutela non jo Euskal Herriaren aurka, alegia, hizkuntzan, kulturan eta gure burua gobernatzeko dugun eskumenetan”. Oinarrian, salatu du, “euskararen kontrako eraso hau gizarte eta herri bezala gure burua gobernatzeko eta gure erakundeak antolatzeko dugun gaitasunaren eta eskumenen kontrako erasoa ere bada, beste bat, eta horren atzean funtsean dagoena birzentralizazio prozesuan sakontzeko alderdi horien asmoa baino ez da”.