AKTUALITATEA


| 2022-02-23 15:02:00

EH Bildu bere kezka helarazi dio gaur Pedro Azpiazu Ogasun sailburuari Next Generation planaren kudeaketaren inguruan, Europako funts horien kudeaketa Madrilen zentralitzatzeak eragotzi dezakeelako “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beharrei egokitutako banaketa bat eta plangintza bat egitea eta plangintza horrek beharko lukeen ahalmen eraldatzaile guztia aprobetxatzea”, Mikel Oterok azaldu duenez.

Oteroren iritziz, kudeaketa zentralizatuak hainbat zalantza sortzen ditu, “ea funtsek ekonomiaren eraldaketa funtzioa beteko ote duten, ea administrazio eskala guztietara dirua iritsiko ote den, ea enpresa txiki edota ekonomia sozialean jarduten duten eragileek funtsetarako sarbide argirik eta nahikorik izango ote duten, ea Jaurlaritzak aurkezturiko NEXT Euskadi planaren betetze maila nahikoa izango ote den, ea funtsen erabilpenaren inguruko gardentasun nahikorik izango den, beste hainbaten artean”.

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Jaurlaritzari esfortzu berezi bat egin dezala eskatzeko, “Next funtsak tokiko erakundeetara, enpresa txiki eta ertainetara, ekonomia sozial eta eraldatzaileko agenteengana, hirugarren sektoreko taldeetara eta zuzenean herritarrengana iris daitezen”.

Halaber, koalizioak Lakuari eskatzen dio “interlokuzio identifikagarri eta iraunkor bat bermatu dezala ordezkari politiko, sindikal eta enpresakoekin, herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko Next Generation funtsak egokitu ahal izateko”. Azkenik, “Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualde mailako proiektuak gauzatzeko elkarlana sustatu dezala” ere eskatzen dio.