AKTUALITATEA


| 2021-06-09 14:01:00

EH Bilduren ustez, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako VIP txertoen auzian izan duen jokabideari buruz Etika Batzordeak argitara atera duen ebazpenak deslegitimaziora darama Jaurlaritzaren organo hori, haren partzialtasuna eta Gobernuarekiko menpekotasuna agerian geratu delako; argi dago batzorde horren osaera eta funtzionamendua berraztertzea ezinbestekoa dela. Larria eta iraingarria da Etika Batzordea Sagardui zoriontzeraino iristea, polemikaren ostean publiko egin ziren Santa Marinako zuzendari ohiaren Whatsapp solasaldiek frogatu zutelako sailburuak ez zuela egia esan Legebiltzarrean agertu zenean.

Behin Etika Batzordearen erabakiaren berri izan ondoren, Maddalen Iriartek ukatu du ebazpen horrek balioa eta sinesgarritasuna duela, “horrelako batzordeek, sinesgarriak izan daitezen, independenteak izan behar dutelako, eta kasu honetan ez da hala gertatzen, sailburu batek, sailburuorde batek eta Gobernuko beste goi kargu batzuek osatutako batzordea delako. Jaurlaritzak berak ikertzen ditu bere ekintzak eta, beraz, bere erabakiari ezin zaio inolako garrantzirik eman. Nola dagoen antolatuta ikusirik, Etika Batzordea Gobernuaren marketing-aren parte bat da; txertaketa irregularrena bezalako kontu bat argitzeko garaian beste era batean egin behar da, ikuspegi independente batetik, eta horrek beste gobernantza modu bat indartuko luke”.