AKTUALITATEA


| 2019-06-11 12:47:00

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak eskandalagarritzat jo du egun Osasun sailburua denak, Nekane Murgak, aurreko Lan Eskaintza Publiko (LEP) batean naturaltasunez onartu izana Osakidetzan azterketak filtratzen direla pertsona zehatz batzuek plaza lor dezaten. “Ez lehendakariak ez Murgak berak ezin dute pentsatu hemen ez dela ezer gertatu, gaur ezagutu dugun audio batek erakusten duelako aurreko LEP batean egungo sailburua filtrazioen jakinaren gainean zegoela eta ontzat ematen zituela ohiko sistemaren baitan. Hori ezagutu ostean, Murgak ez du sinesgarritasunik Osakidetzaren barne ikerketa zuzentzeko eta irregulartasunak argitzeko”.
Uberak eldiario.es egunkari digitalak argitara emandako audioa aipatu du, Osakidetzak eginiko barne ikerketaren grabazioak jasotzen dituena, alegia. Audio horrek agerian uzten du Nekane Murgak ondo zekiela aurreko oposizioetan ere azterketak filtratzen zirela, hala azaldu baitu orain ikertzen ari den lan eskaintza publikoan Kardiologia arloko epaimahaia osatu duten doktoreetariko batek.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak interpelazioa egingo dio ostiralean Kontroleko Plenoan Osasun sailburuari, eta salatuko du Osakidetzaren barne ikerketa zuzentzeko ardura Belen Greaves jeltzalearen eskuetan jarri izana, “horrek horrelako kasu batean ezinbestekoak diren independentzia eta neutraltasun politikoaren printzipio guztiak urratzen dituelako”. Uberaren esanetan, “lehendakaria eta bere gobernua iseka egiten ari zaizkio euskal gizarteari; Greaves EAJko Euskadi Buru Batzarreko idazkaria izan da eta ezinezkoa da bera orain neutrala izatea, bere alderdiak Osakidetzan egin duen kudeaketa politikoa ezbaian jartzen duen ikerketa bat egiten ari denean. Inork ez zukeen onartuko Gürtel auzian ikerketa Marotoren esku uztea”.
Uberaren aburuz, argitara ateratzen ari den informazio guztiak agerian uzten du ez Osakidetzak ez Osasun Sailak inoiz ez dutela nahi izan jendeak oposizioen egia osoa ezagutzea. “Garden eta zorrotz jokatu dutela behin eta berriz esan duten arren, gertatu denak frogatzen du hori ez dela horrela izan. Horretaz jabetzeko aski da ikustea epaileak dokumentazioa osorik bidaltzeko eskatu behar izan diola Osakidetzari, lehenengo momentuan epaitegira igorritako informazioan atal garrantzitsuak falta zirelako, Murgari buruzko grabazioa, esaterako”.