AKTUALITATEA


| 2024-03-25 11:10:00

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua ez du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertu beharrik izango Eneko Valdes Astigarragako gaztearen heriotzaren inguruko azalpenak emateko, EAJk eta PSEk atzera bota dutelako EH Bilduren eskaria. Koalizio subiranistak Erkorekaren premiazko agerraldia eskatu zuen gaztearen heriotza argitu zezan, Ertzaintzaren operatibo baten testuinguruan, otsailaren 2an, gertatu zelako, haren familiak pasa den astean ezagutzera eman zuenez. Krisi psikotiko batek jota, Valdes kalera atera zen eta, lehenengo momentu batean udaltzainek lasaitzea lortu zuten arren, egoerak okerrera egin zuen Ertzaintzak operatiboaren kontrola hartu zuenean, azken emaitza gaztearen heriotza izanik.

Heriotzaren arrazoiak ezin izan dira oraindik zehaztu, eta familiak, operatiboan parte hartu zuten ertzainen jokaera salatzeaz gain, gertatutakoa zehatz-mehatz argitzeko exijitu dute. Hori horrela, Julen Arzuagaren iritziz, “bereziki mingarria da EAJk eta PSEk gaur hartu duten erabakia, familiarekiko errespetu falta eta mespretxua, gardentasunaren aldeko aldarri horri iluntasunez eta opakutasunez erantzun diotelako, Erkorekak azalpenak eman gabe segi dezan. Diotenez, ez da premiazkoa Ertzaintzaren operatibo baten testuinguruan gertatutako heriotza baten inguruko azalpenak ematea. Familiak ez du merezi premiaz jakitea zer gertatu zen? Hori da familia horrek EAJren eta PSEren aldetik merezi duten erantzuna? Zeren eta gogoratu behar da, gainera, kasu hau ezagutu dugula familiak berak publiko egin duelako, Segurtasun Saila gertatu zena ezkutatzen saiatu baita hasiera-hasieratik, Polizia demokratiko baten jardueran ezinbestekoa den gardentasunaren printzipioa urratuz, Erkorekaren agintaldian ohikoa izan denez”.