Behera egin beharrean, azken urteotan eraso LGBT+fobikoak gero eta sarriagotan gertatzen direla erakusten duten estatistikek kezkatuta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzak lan foro bat sor dezan, oinarrian sexu-orientazioa eta identitatea dituzten gorroto delitu horiek ekiditeko. Ikoitz Arresek azaldu duenez, foro horrek eraso horiei buruzko informazioa osoa bilduko luke, eta bertan instituzioek ez ezik, eragile sozialek eta adituek ere parte hartuko lukete. Arresek eragileen parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du, eta elkarlanerako espazio horrek izango lituzkeen eginkizunak zehaztu ditu, hala nola “eraso LGBT+fobikoen zergatiaren identifikazioa, erakundeen arteko koordinazioa ahalbidetzea, biktimen akonpainamendu egokia ziurtatzea, prebentzio neurriak definitzen laguntzea eta erantzun bateratuak proposatzea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak neurriak hartu beharra aldarrikatu du, “eraso LGBT+fobikoen inguruko datuak, inongo zalantza barik, oso larriak direlako, handitu besterik ez baitira egiten ari”. Bere iritziz, “2023. urteko euskal jendarteak ezin ditu datuok onartu, LGBT+ pertsonen eskubide urraketa irmoki salatu eta bere esku dagoena egin behar du inoiz gehiago gerta ez daitezen”. Horren ildotik, instituzioek gai honetan duren ardura berezia aipatu du, “eraso LGBT+fobikoak ekiditeko politika publiko integralak inoiz baino beharrezkoagoak direlako pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen”.
Alde horretatik, EH Bilduk proposatutako lan foroak norabide horretan bete dezakeen funtzioa azpimarratu du, mota horretako erasoak ekiditea “jendarte osoaren ardura delako eta, beraz, modu kolektiboan egin behar zaielako aurre”. Hori dela eta, funtsezkotzat jo du “inplikatuta egon daitezkeen eragile guztiek espazio horretan parte hartzea”.