AKTUALITATEA


| 2022-02-15 13:14:00

EH Bilduk Legebiltzarreko Hezkuntza Ponentzia berehala bil dadila eskatu du gaur formalki bertan adosteko zein izan behar den epea talde parlamentarioek ekarpenak egiteko hezkuntza hitzarmen baterako oinarrien lehenengo zirriborroari. Ponentziak pasa den asteartean jaso zuen zirriborroa eta zuzenketak aurkezteko epea ireki zuen datorren ostiralera arte, hilak 18. PSEk alde bozkatu zuen, baina orain, Elkarrekin Podemos-IUrekin batera, epea luzatu beharra adierazi du.

Gauzak horrela, EH Bilduren iritziz, ponentziak eskari hori aztertu behar du hezkuntza hitzarmen bat lortzea helburu duen prozesua hasiera-hasieratik adostasun zabaletan oinarritu dadin eta, hala, prozesuaren epeen inguruko erabakiak ere akordio zabal baten emaitza izan daitezen. Ikoitz Arresek adierazi duenez, “epeak ezin dira oztopo izan hezkuntza hitzarmenaren inguruan adostasun zabal bat lortzeko eta, beraz, EH Bilduk malgutasunez jokatuko du horretan ere akordioak errazteko, eskuartean dugun gaia garrantzitsuegia delako presaka ibiltzeko. Guk etxerako lanak eginda ditugu, jada zehaztu dugu zeintzuk izango diren gure ekarpenak, baina argi dugu helburua hezkuntza hitzarmenean lau indar politiko nagusiok bat egitea dela eta, epeak luzatzea akordio batera iristea errazteko balio baldin badezake, ez gara gu izango hori oztopatuko dutenak”.