AKTUALITATEA


| 2023-01-25 13:09:00

EH Bildu oso kezkatuta agertu da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak iragan astean Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren inguruan egin zituen adierazpenekin. Izan ere, Tapiak aitortu zuen gutxienez urte eta erdi falta dela oraindik energia berriztagarrien hedapena arautu eta ordenatu behar duen dokumentu hori onartzeko. Hau da, Mikel Oterok salatu duenez, “legealdia plan sektoriala onartu gabe amaituko da, nahiz eta Jaurlaritzak 2021eko otsailerako eginda eduki behar zuen, hori izan zelako 2019an Jasangarritasun Energetikoaren Legeak eman zion agindua. Bi urteko atzerapena nahikoa ez balitz bezala, orain Tapiak esaten digu legea urratzen jarraitzeko asmoa duela eta energia berriztagarrien garapena behar bezala antolatzeko ezinbestekoa den plan hori ez dela 2025 baino lehen onartuko”.

Egoerak duen larritasunari erreparatuz, EH Bilduko legebiltzarkideak Arantxa Tapiaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azal dezan nola den posible instalazio berriztagarriak proiektatzea lurralde plangintza egoki bat egin gabe. “Berriztagarrien arloan Jaurlaritza egiten ari den kudeaketa onartezina da, energia horien hedapena modu ordenatuan egiteari uko egiten ari zaio, Iberdrola bezalako enpresen egitasmoei ateak ireki nahian. Trantsizio energetikoa ez da izango, modu ordenatuan ez bada. Ez da serioa plan sektoriala onartu gabe zentral berriztagarriak martxan jartzea; lehenik eta behin plana behar dugu, hori da planifikazio batean funtsezko elementua, eta hori egin bitartean ezin dira zentral horiek eraiki, ingurumenean kalteak konponezinak izan litezkeelako”.