EH Bilduren ekimenez, Jaurlaritzak eguneratu egingo ditu asistentzia sanitarioa beste erkidego bateko zentro batean jasotzeagatik herritarrek jaso ditzaketen laguntzen zenbatekoak. 2007an onartu zuen jarraibidearen arabera, “asistentzia sanitarioa Osasun Sailaren aldetik segurtatua daukaten herritarren mantenu, ostatu eta garraiobide ez-sanitarioen bidezko lekualdatze gastuetarako laguntzak ematen dira”, beste erkidego batean artatuak direnean. Zehazki, pazientea zentroan ingresatzen badute, gehienezko dieta eguneko 60 eurokoa izango da, gehienez 40 euro ostaturako eta gehienez 20 mantenurako; pazientea zentroan ingresatzen ez badute, laguntza 20 eurokoa izango da gehienez, mantenurako. 2007 arau horren arabera, ostatu eta mantenu gastuetarako laguntzen gehienezko zenbatekoa ezingo da izan ezein kasutan 900 euro baino gehiago, etxetik kanpo gaua egin behar den hamabostaldi bakoitzeko.
Dieta horiek onartuz geroztik 18 urte igaro dira eta, Ayem Oskoz EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “bistan da zenbateko horiek ez direla nahiko 2025ean, desfasaturik geratu baitira”. Hori dela eta, EH Bilduk proposatuta, Jaurlaritzak zenbatekoak eguneratuko ditu, EAJ eta PSErekin adostu bezala, “eta progresibotasun-irizpidea sartuko du, eskatzailearen errentaren arabera, laguntzak emateko kalkuluan”.
Halaber, koordinazio-mekanismoak indartuko ditu Gobernuak, laguntza horien aplikazioa hiru herrialdeetan homogeneoa izan dadin, irizpide amankomunak erabiliz herritarren berdintasuna bermatzeko. Azkenik, mekanismoak ezarriko ditu pazienteek eta haien laguntzaileek dieta horiek kobratzeko eskubidea, kontzeptuak eta zenbatekoak zehatz eta erraz ezagutu ditzaten.