AKTUALITATEA


| 2023-03-30 16:34:00

Gasteizen alokairu sozialeko eskaera izugarri altua, Estatuko altuena, eskaintza publiko murritzarekin bat ez etortzea milaka familiarentzat arazo benetan larria dela ikusirik, EH Bilduk akordio zabal bat sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Unidas Podemos-IUrekin egoera hori hein batean behintzat bideratzen hasteko. Zehazki, Unai Fernandez de Betoñoren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari eskatu die “lehenbailehen sina dezatela Salburua auzoan alokairu sozialeko 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea ahalbidetuko duen hitzarmena”. Izan ere, Larrein eta Arkaiaten etxebizitza horiek eraikitzeko plana geldirik dago 2007az geroztik, Gobernuaren eta Udalaren arteko desadostasunak etengabeak izan direlako, Fernandez de Betoñok kritikatu duenez.

Bien bitartean, alokairu sozialeko eskaera kopuruak hazi besterik ez du egin Gasteizen, “Estatu osoan alokairu-eskaera handiena duen herria” bilakatu arte, Etxebiden ia 9.400 eskatzaile baitaude. Eskaintza publikoaren eboluzioa, baina, ez da proportzionala izan, “Gasteizko Udalaren ekimena hutsaren hurrengoa izan delako alokairuaren alorrean”, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez. “Datuak argiak dira: EAEn udalek sustatzen dituzten alokairu-etxebizitza guztietatik soilik %1 dago Araban”.

Alde horretatik, Fernandez de Betoñok erdietsi duen akordioari jarraiki, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Gasteizen dagoen alokairuko etxebizitzen eskaintza hobetu dezala, lurzoruan eta eraikuntzan inbertituz eta hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura mobilizatzeko dituen tresnak erabiliz. Halaber, babes publikoko etxebizitzak eta jatorri desberdineko etxebizitza libreak erosten jarraitzeko eskatu dio, ondoren Jaurlaritzak berak eta Alokabide sozietate publikoak kudeatutako alokairu babestuko parkean sar ditzan.