AKTUALITATEA


| 2019-06-24 16:52:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez eskatu dio gaur Hezkuntza Sailari “ahalbidetu dezala pertsona orori, bereziki gazte etorkin eta ezgaitasuna duten pertsonei, Oinarrizko Lanbide Heziketara sarbidea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. edo 3. maila egin ez duten arren eta 17 urte baino gehiago dituztenen kasuan ere, horrela Lanbide Heziketako titulazio lortzeko aukera izan dezaten”. Halaber, galdegin dio “azter dezala jatorri desberdinetako 15-21 urteko gazteei zuzendutako Lanbide Heziketarako sarbidea izango den programa baten sorrera”.
Proposamenaren sustatzaileak, Rebeka Uberak, azaldu duenez, “ikasturte honetan ehunka gazte hezkuntza sistematik at geratu dira Hezkuntza Sailak araudiaren interpretazio zorrotza egin duelako”. Arazoa, erantsi du, “bereziki larria izan da gazte etorkinentzat, hezkuntza sisteman sartzeko dituzten arazoak areagotu direlako, 600 gazte baino gehiago sistematik kanpo geratzeraino, aldundien datuen arabera. Ikasturte honetara arte, aldiz, EAEra heltzen ziren adingabe atzerritarrei prestakuntza ematen zitzaien, hezkuntza sistemarako sarbidea bermatuta, baina aurten Jaurlaritzak irizpideak zaildu eta gure hezkuntza sistemak atzera egin du inklusioan eta ekitatean”.