EH Bilduko legebiltzarkide Itxaso Etxebarriaren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak hainbat neurri onartu ditu lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko. Etxebarriak akordioaren garrantzia azpimarratu du, “belaunaldi gazteenek ez dutelako guraso edo senideek bezala lan egiten jarraitu nahi, jardueraren sakrifizioa eta errentagarritasunik eza ezagutzen dutelako, jardueraren prestigio falta somatzen dutelako, eta horregatik garrantzitsua da lehen sektorean sartzeko interesa duten pertsonen profil berri bati erreparatzea, landa-eremutik kanpo datozen pertsonak, lehen sektorearekin harreman esturik ez dutenak, batzuetan hiri-eremukoak. Gehienetan epe bat behar dute euren negozio-eredua eta errentagarritasuna ebaluatu ahal izateko, lanean hasi aurretik eta jarduerari ekiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak eskuratu aurretik. Alde horretatik, prozesu horretan oso lagungarriak izango dira gaur onartu ditugun neurriak”.
Izan ere, gaurko akordio parlamentario zabalaren arabera, Jaurlaritzak LEADER ekimenetik laguntza emango du nekazaritzako test guneen proiektu pilotuen ezarpena sustatzeko, aurreinstalazio programa gisa, lehen sektoretik kanpoko pertsonei sarbidea errazte aldera, pertsona horiek jarduera probatzeko aukera izan dezaten beste programa edo laguntza batzuetara sartu aurretik, hala nola Gaztenek programara.
Halaber, diagnostiko bat egingo du hurrengo hamarkadarako aurreikusten diren belaunaldi-erreleborako aukerei buruz, bai erretiroagatik, bai jarduera eskualdatzeko edo uzteko beharragatik, eta datu-base bat ezarriko du herrialde bakoitzean belaunaldi-errelebo aurreikusirik ez duten ustiategi aktiboekin.
Hirugarrenik, Nekazari Gazteen Estatutua eguneratzeari ekingo dio, “gure lehen sektorean egun dagoen zahartze-egoerara egokitzeko eta nekazari gazteen ezarpena bultzatuko duten tresna eta erreminta egokienak bideratzeko”.
Azkenik, Legebiltzarrak aitortu eta eskertu egiten du lehen sektoreak gure gizarteari ematen dion zerbitzua, elikagai osasungarri, jasangarri eta kalitatekoak hornitu eta gure paisaia eta ingurumena zaintzen baititu, eta konpromisoa hartzen du, dagozkion eskumenen arabera, sektorearen errentagarritasuna hobetzeko eta etorkizuna bermatzeko lanean jarraitzeko.