Estatuaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legeak sortutako Balorazio Batzordeak 2022ko uztailetik 2023ko ekaina bitartean aztertu dituen kasuei buruzko txostena aurkeztu zuen pasa den astean Legebiltzarrean, eta hainbat gomendio eta eskaera helarazi zizkien instituzioei. Bada, hori aintzat hartuta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur, Balorazio Batzordeak eskatu bezala, instituzioek urrats gehiago egin ditzaten Estatuaren biktimen aitortzan eta erreparazioan. Julen Arzuagak azaldu duenez, “proposamena Memoriaren Egunean aurkeztu dugu, biktima horiek bereziki oroitu nahi izan ditugulako, instituzioek bigarren mailan uzten dituztenak, aitortza eta erreparazio gutxien jaso dutenak, egia eta justiziarako eskubidea oraindik jaso ez dutenak”.
Arzuagak berak sinatutako ekimenak lau puntu ditu, baina batez ere Estatu espainoleko botereei zuzentzen zaie, biktima horiekiko duten ardura onar dezaten eta justizia eta erreparazioa eman diezaieten. “Balorazio Batzordeak eskatu zigun bezala, Estatuko erakundeengana jotzen dugu, egiaren eta justiziaren alde egin dezaten, kontuan hartuta haren segurtasun-indarrek erantzukizuna izan dutela aztertu diren gertaeretan. Izan ere, torturatuak, exekutatuak eta hildakoak agertzen dira txostenean, baina non daude torturatzaileak, hiltzaileak, arduradunak?”.
Horiek guztiek izan duten inpunitatea salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, azken egunotan hainbat albistek agerian utzi duten moduan. “Azken bolada honetan ministro ohiak, poliziak edota sikarioak agertzen ari dira gerra zikinean izandako interbentzioa onartuz; Guardia Zibilarekin izandako loturak aitortzen ari dira, baina ez sortutako sufrimendua aintzat hartu eta biktimei aitortza ekartzeko, baizik eta harrokeria adierazteko, izan duten inpunitatearen babesaz satisfakzioa adierazteko. Horrek amaitu behar du, biktimek ez dute berbiktimizatzea eta irainduak izatea merezi, eta espero dugu gure proposamenak horretan lagunduko duela”.
Halaber, EH Bilduren ekimenak Jaurlaritzari eskatzen dio Estatuaren biktimen aitortza eta erreparazio prozesuan lagundu dezala, horrelakoak ez direla errepikatuko bermatze aldera, eta, Balorazio Batzordearen eskaera kontuan hartuta, Legebiltzarraren konpromisoa galdegiten du prozesu horretan aurrera egiteko baliabideak indartzeko eta beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko.