AKTUALITATEA


| 2023-12-22 14:36:00

Zubietako erraustegitik Artaxoako Ecofert Sansoain enpresara bidalitako hondakinetan Nafarroako Gobernuak atzemandako irregulartasunak direla eta, Mikel Oterok horren inguruko azalpenak eskatu dizkio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiari, Lakuako sail horri dagozkiolako erraustegiaren jardueraren gaineko kontrola eta inspekzioa. Hortaz, “Jaurlaritzak erantzun beharreko galdera asko uzten ditu nafar Gobernuaren salaketak, are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egun Nafarroan irregulartasunak aztertzen ari direla eta epaitegiak Zubietan ustez egindako delituak ikertzen ari direla Lakuak jasotako datuetan oinarrituriko salaketen ondorioz; hau da, ikerketa horiek Jaurlaritzaren eskuetan dagoen informaziotik abiatu dira”.

Nafarroako Gobernuaren arabera, Zubietako erraustegiak hondakin likidoak oker kalifikatuta bidali zituen Artaxoara, eta, kodea okerra izan ala ez, Gipuzkoako Ingurumen Konplexuak ez zeukan baimenik hondakin mota hori ekoizteko, Zubietatik ukatu egin dutena, 190812 LER kodedun hondakinak kudeatzeko baimena 2022ko azaroan eskatu zutelako, argudiatu dutenez. Edonola ere, esan du Oterok, “badira horren harira harridura sortzen duten hainbat kontu, erraustegiak 2022ko maiatzean sinatu zuelako kontratua Artaxoara 190812 LER kodearekin hondakinak bidaltzeko, hau da, zabor mota hori sortu eta kudeatzeko balizko baimena eskuratu baino lehen”.

Gainera, “hondakin mota bati LER kode jakin bat egotzi aurretik, behar bezala karakterizatu behar da, beharrezko analisiak egin behar dira, sustantzia kutsatzaile edo arriskutsurik ez duela egiaztatzeko, eta guk dakigun arte, ez dago konstantziarik karakterizazio honen inguruan. Eta hori egin gabe, araudiaren arabera, hondakin arriskutsutzat jo beharko zen Zubietatik eratorritako lixibiatua”. Eta amaitzeko, hori guztia ongi eginda ere, “debekatuta dago Zubietakoa bezalako plantetatik ongarriak sortzen diren plantetara bidaltzea”. “Horretaz guztiaz azalpenak eman behar ditu Tapia sailburuak”, amaitu du Oterok.