AKTUALITATEA


| 2019-10-08 15:46:00

Tamalez, Iker Casanovak asmatu zuen. EH Bilduko legebiltzarkideak iragan ekainean ohartarazi zuen Zegona inbertsio funtsak Euskaltelen kontrola lortu eta gero hurrengo urratsa telekomunikazio enpresaren zuntz optikoaren sarea saltzea litzatekeela; alegia, haren ondare nagusia saltzea. Halaxe ohartarazi zuen Casanovak orduan, eta halaxe baieztatu da gaur, Zegonaren asmoak argitara aterata. Gaia larria izanik ere, are larriagoa da kontuan hartzen bada 2012ra arte Jaurlaritza zela zuntz optikoaren sare horren jabea eta urte hartan saldu ziola –oparitu ziola esan genezakeen– Euskalteli. Hau da, diru publikoarekin sortutako ondareak esku pribatuak aberasteko balioko du azkenean.
Hori horrela, EH Bilduk argi du Jaurlaritza –Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua, bereziki– eta Kutxabank direla Euskaltelen deserrotze prozesuaren erantzule nagusiak. Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik kanpo dago ekainaz geroztik, Zegonak enpresaren kontrola hartuz geroztik, hain zuzen, eta deserrotze prozesu horretan –salatu du gaur Casanovak– “Jaurlaritzaren eta Kutxabanken parte-hartzea argia izan da, batzuetan norabide oker horretan eman diren urratsak txalotu edo justifikatu dituztelako eta beste batzuetan beraiek izan direlako protagonista prozesu horretan; izan ere, Gobernuak berak saldu zituen zuntz optikoaren sarea eta Euskaltelen zeuzkan akzioak”. Beraz, Jaurlaritzak eta Kutxabankek “erantzukizun argia eta nabarmena dute, haien konplizitaterik gabe ezinezkoa izango baitzen ikusten ari garen deserrotze prozesu hau aurrera eramatea”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari zein Kutxabanki “jarrera aldatzeko eta Euskaltelen eragiteko” eskatu die, “gauzak bere onera itzul daitezen, Euskaltel kanpoko espekulatzaileen eskuetatik erreskatatu dezaten, enpresak bere jatorrizko izaera berreskuratu dezan eta berriro izan dadin euskal gizartearekin konprometituta dagoen konpainia bat”.