AKTUALITATEA


| 2019-09-16 14:10:00

Jone Goirizelaiak eta Miren Larrionek legebiltzarkide karguari uko egin diote eta hemendik aurrera udal politikan zentratuko dute euren lan instituzionala Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, iragan maiatzeko hauteskundeetan bertako herritarrekin hartu zuten konpromisoari jarraituz. Erabaki hau EH Bilduk udalgintzaren alde egiten duen apustuaren baitan kokatzen da, tokiko eskalak garrantzi estrategikoa baitu ezkerreko subiranismoarentzat. Batetik, biharko Euskal Errepublikan baliagarriak izango diren gobernantza eredu berriak saiatzeko aukera eskaintzen duelako; bestetik, gure balioetan oinarritutako gobernugintza garatu dugun lekuetan gizarte sektore zabalak bildu ditugulako. Ikuspegi nazional batetik ere, udalgintzak euskal lurraldeak artikulatzeko egitasmoak martxan jartzea eta, beraz, haien arteko kohesioa indartzea ahalbidetzen du.
Goirizelaia eta Larrionen ordezkoei dagokienez, Diana Carolina Urreak (Armenia, Colombia, 1987) lehenengoaren tokia hartu eta Legebiltzarrera itzuliko da, aurreko legealdian ere talde parlamentarioan aritu baitzen. Urrea Turismoan diplomatua da Deustuko Unibertsitatean eta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Masterra egin du UPV-EHUn.
Larrionen ordez Ibon San Saturnino (Gasteiz, 1975) arituko da. Egun Arabako EH Bilduko arduradun politikoa da eta aurretik arlo instituzionaleko burua izan zen. Eskubide sozialen aldeko eta arrazakeriaren aurkako herri mugimenduko kide ere izan da. Prestakuntza akademikoari dagokionez, San Saturnino arkitektoa da (UPV-EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan).