EH Bilduk Trans Legearen aldeko botoa emango du, jatorrizko testuan hainbat hobekuntza txertatzea adostu baitu EAJ eta PSErekin. “Akordio honekin trans pertsonen eskubideak hobeto defendatu eta bermatuko dira”, adierazi du Ikoitz Arresek. Legeak izango duen babes parlamentario zabala ere azpimarratu du. “Oso garrantzitsua da Legebiltzarrean adostasuna hain handia izatea eta jendarteari mezu argi bat bidaltzea, LGBT+fobiak eta transfobiak oso presente jarraitzen dutelako oraindik eta eskuin muturretik LGBT+ eta trans pertsonen kontrako gorroto diskurtsoak elikatzen eta areagotzen ari direlako”.
EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioak legean txertatutako hobekuntzak nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, “legeak trans pertsonei buruz hitz egingo du, definizio inklusibo bat eginez, transexual eta transgenero bezalako kontzeptuak gainditzen dituena”. Halaber, “legeak trans pertsonen eta mugimenduaren memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko egun bat izendatzea jasoko du, bai eta aitortza eta oroimen espazioak sortzea ere”.
EH Bilduk egindako ekarpenen artean, Arresek azpimarratu du legeak “lan hitzarmenetan klausulak txertatzea” ere bultzatuko duela, “enplegu arloan, pribatuan zein publikoan, trans pertsonen diskriminazioa saihesteko”. Gainera, “gizarte-zerbitzuen hasierako esku-hartzea aurreikusiko du, familietan gatazka edota sufrimendu egoerak gertatuz gero, adin txikiko trans pertsonen aitortza dela eta”. Azkenik, “legeak pertsona intersexualen errealitatea ere jasoko du, eta mutilazioa eta genitalen aldaketa debekatu ditu, bai eta intersexualentzat kaltegarriak diren beste prozedura mediku batzuk ere”.