AKTUALITATEA


| 2022-10-26 12:56:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko, Sopelan, Zipiriñe Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eraikin berria egiteko proiektua 2019-2023 Hezkuntza Azpiegitura Planean txertatu dezala, edo Plan berrian sar dezala, “ahalik eta arinen gauzatu ahal izateko”, Ikoitz Arresek erantsi duenez, “Hezkuntza Saila zorretan baitago Sopelarekin”.

Arresek gogora ekarri du Zipiriñe eskolako guraso elkartea Legebiltzarrean agertu zela herenegun euren seme-alabak pairatzen ari diren egoera salatzeko. “Zipiriñeko hezkuntza komunitateak hamar urte baino gehiago daramatza masifikazio arazo larriak salatzen: barrakoiak, zerbitzu eta baliabide falta nabarmena… Bertako eragile guztiek eskatzen dute egoera prekario hori behin betiko konpontzea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Hezkuntza Sailak adabakiak baino ez ditu ipini, eta ez dira nahiko izan arazoa konpontzeko”. Hori dela eta, “Sopelako Udalak parte-hartze prozesu bat antolatu zuen eskola-komunitatearekin 2020an Zipiriñen masifikazio-arazo estrukturalei behin betiko konponbidea emango zien alternatibarik egokiena zein zen erabakitzeko, eta gehiengo handi batek erabaki zuen irtenbidea eraikin berri bat egitea zela, Loroñoko aparkalekuan, Zabalbide kalean”.

Udalak bere egin zuen proiektu hori iaz, eta eskola berria eraikitzeko behar diren lursailak Hezkuntza Sailari lagatzeko izapideak abiarazi zituen gainera, baina, hala eta guztiz ere, “Sailaren erantzuna ez da batere nahikoa izan, hurrengo bi ikasturteetako matrikulazio-datuak aztertuko dituela baino ez duelako esan”.

Arreseren aburuz, “bistakoa da modu horretan Zipiriñeren masifikazio arazo estrukturala ez dela epe laburrean konponduko; are gehiago, arazoa areagotu besterik ez du egingo, Sopela hazten ari delako, hurrengo urteetan 4.451 eta 4.622 biztanle arteko populazio-hazkundea egongo bailitzateke, indarrean dagoen plangintzaren arabera”.