AKTUALITATEA


| 2025-03-13 12:32:00

Jaurlaritzak “digitalizazio etiko eta arduratsuaren aldeko apustua” egitea eta, horren ildotik, “software libreko soluzio teknologikoz osatutako hezkuntza-plataforma digital integral bat modu progresiboan hedatzea” adostu du EH Bilduk EAJ eta PSErekin, ezker subiranistak norabide horretan proposamen bat aurkeztu ostean. Hezkuntza Akordioan eta Legean ere jaso bezala, gaur adostu dugunaren arabera, Gobernuak software librean oinarritutako Iradi hezkuntza-plataforma modu progresiboan hedatu beharko du, “ikastetxeen premia teknologikoak asetze eta osatze aldera, tresnen osagarritasunari buruzko printzipioa eta ikastetxeen autonomia errespetatuz”. Halaber, hala eskatzen duten ikastetxeei aukera emango die software librearen erabilera xede duen Iradi proba pilotuan parte hartzeko, eta proba horri buruzko ebaluazioaren emaitzak aurkeztu beharko ditu urtea bukatu aurretik.

Norabide horretan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du Lore Martinez Axpek, Hezkuntza Sailak eta Googlek 2022an sinatu zuten hitzarmenak Hezkuntza Legea ez ezik, datu pertsonalak babesteko legeak ere urratzen dituelako. “Googlek urte hauetan jaso dituen hezkuntza komunitatearen datu guzti horiekin euskal herritarren belaunaldi oso baten perfilatu osoa du, Hezkuntza Sailak baino gehiago daki hiru herrialde hauetako etorkizuneko herritarrez. Burujabetza teknologikoa inoiz baino beharrezko dugu orain, baina aurrera egin beharrean, atzeraka ari gara. Herri gisa estrategikoa den gai hau lehenbailehen birbideratu behar da. Horregatik da hain garrantzitsua software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma bat izatea eta, hortaz, Iradi plataformaren aldeko apustu sendoa egitea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du Google bezalako enpresa teknologikoek hezkuntza komunitatearen eta, oro har, herritarren datu pertsonalak eskuratzeak eta erabiltzeak dituen arriskuez. “Datuak izanda, pertsonen jokaerak manipulatzea bideragarria da”, Donald Trump Etxe Zurira eramateko, adibidez. Horren haritik, datuen burujabetzak duen garrantzia azpimarratu du, eta tekno-faxismoaren olatua lortzen ari den helmenaz ohartarazi. “Normalak ez diren ideologiak normalizatzen ari dira, enpresa teknologiko estatubatuarrek giza eskubideak urratzen dituzte inongo lotsarik gabe, gizatasunaren norabidea beren etekin ekonomikoen menpe jarriaz. Orain arte gure datuak Estatu Batuetara bidaltzen ibili dira, han dituztelako euren datu zentroak eta zerbitzariak, eta han ustiatzen dituzte gure datuak, baina orain teknologika horiek hemen ditugu jada, gure lurra okupatzen ari dira, metro karratu mugagabeak, beraiei soilik zerbitzu emango dieten datu zentroak eraikitzen ari dira (Araban bi izango ditugu: Solaria eta Bilbao-Arasur), beharrezko duten energia guztia gure lurretatik hartzeko. Hasieran gure datuak, eta orain gure lurra eta baita gure energia ere. Ez gara gauzak ondo egiten ari. Ezin dugu tekno-faxismoaren morroi izaten jarraitu”.