AKTUALITATEA


| 2020-04-16 15:56:00

Bilboko San Frantzisko auzoan martxoaren 29ko operatiboa grabatzeagatik Ertzaintzak bertako hainbat bizilaguni emandako isun jakinarazpenak bidegabekeria dira, EH Bilduren ustez; hori dela eta, horren inguruko azalpenak eman ditzan, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediaren agerraldia eskatu du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean. Julen Arzuagak adierazi duenez, “auzokideek egin zuten salaketa publikoaren ondorioz, Ertzaintzak berak barne ikerketa zabaldu zuen operatibo hartan –buruko gaixotasuna duen gazte bat eta haren ama jo eta atxilotu zituzten– polizien jokabidea zuzena izan ote zen argitzeko, baina orain, barne ikerketa horren emaitza ezagutu gabe, Ertzaintzak salaketa egin zuten auzokide horien kontra jo nahi du Mozal Legea baliatuta, hain justu, alarma egoera honetan ertzain batzuen jarrera bortitza, oldarkorra eta desegokia behin baino gehiagotan gertatu denean”.

Arzuagaren iritziz, “San Frantzisko auzoko bizilagun horiek jaso dituzten isun jakinarazpenek helburu argia bezain larria dute, zigorgabetasun esparruak handitzea, hain zuzen ere; Ertzaintzak mendeku hartu nahi izan du haren jardun desegokiak salatzeak ondorioak dituela argi uzteko, hurrengo batean horrelako salaketa bat egiteko beharra ikusten duten herritarrek bi aldiz pentsatu dezaten zer egin urrats hori eman aurretik”.