AKTUALITATEA


| 2024-11-11 12:24:00

EH Bilduren legez besteko proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez adostu du Osasun Sailari eskatzea Lehentasunezko Osasun Txartela ezar dezala adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonentzat, eta sektore horretan jarduten duten eragileekin adostu ditzala txartelaren hedapena, ezarpen modua, ebaluazio sistema eta horren inguruko formakuntza. Txartel horrek, azaldu du Ayem Oskoz legebiltzarkideak, “desgaitasun intelektuala duten herritarren osasun zerbitzurako sarbidea bermatzen lagunduko du, kalitatezko arreta jasotzeko berdintasunez eta diskriminaziorik gabe”.

EH Bilduren jatorrizko proposamenak zioenez, Lehentasunezko Osasun Txartelak ondorengo hobekuntzak ekarriko dizkie adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonei, osasun zerbitzuetara jo behar dutenean:

  • Senideen edo erreferentziazko pertsonen laguntza iraunkorra izatea, itxaronaldiak, kontsultak edo ekintza medikoak irauten duen bitartean.
  • Ospitaleratzeetan senide edo erreferentziako pertsonen etengabeko akonpainamendua bermatzeko aukera ematea.
  • Beren beharretarako ordurik egokiena aukeratu ahal izatea, errutinetan aldaketak eragozteko.
  • Itxaron geletan ahalik eta denbora laburrenean egotea eta egokitutako itxaron gelak eskaintzea.
  • Komunikazio arinagoa eta zehatzagoa sustatzen duen arreta jasotzea, haien eta senideen edo erreferentziazko pertsonen eta osasun-langileen artean.
  • Beren ezaugarrietara egokitutako hizkuntza erabiltzen duten profesionalek arreta eskaintzea, baita euskarri piktografikoekin ere.
  • Medikuek agindutako jarraibideak eta tratamenduak behar bezala bete ahal izateko baldintzak bermatzea.
  • Kontsultan arreta ematea balorazioa egiteko behar diren laguntzekin (garabiak, ohatila bereziak, etab.) ahalbidetzea.